NAIZ.INFO
BILBO

Zigorretan 5,6 milioi euro barkatu ditu Bizkaiko Ogasunak lau urtetan

2009tik 2012ra arteko zerga-ekitaldietan, zigorretan 5,6 milioi euro barkatu ditu Bizkaiko Aldundiko Ogasunak, foru erakundeak berak jakinarazi duenez.

Jose Maria Iruarrizaga, Bizkaiko Ogasun foru diputatua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Jose Maria Iruarrizaga, Bizkaiko Ogasun foru diputatua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

EH Bildu koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako galdera bati erantzunez, Ogasunak azaldu du 2009tik 2012ra arteko zerga-ekitaldietan, zigorretan 5,6 milioi euro barkatu zituela.

Aldundiak emandako datuen arabera, aipatutako ekitaldietan 35.265 zigor ezarri ziren, 128 milioi euroko balioarekin.

Tarte horretan, Ogasunak 1.260 barkamen eskaera jaso eta tramitatu ditu, eta orotara 5.634.126,86 euro barkatu ditu.

Barkamenerako irizpideei buruz, Aldundiak esan du aintzat hartzen dela iruzurrezko bitartekoen erabilera (ordainagiri faltsuak, esate baterako), berrerortzea edo ordaintzeko aldez aurretiko jarrera.

Era berean, arauak nahita hautsi ote diren ere kontuan hartzen da.

Horrez gain, interesdunaren beraren egoera aztertzen da, eta zigorrak bere ondasunengan zein sektorearengan izan dezakeen eragina ere.

Bizkaiko Aldundiaren arabera, irizpide hauek dira «bitartekorik onena» elementu objektiboetan oinarritzen ez diren erabakiak hartzea ekiditeko.