@aimar_etxe
DONOSTIA

Etxerat: «Lopez de Luzuriagaren aurkako kriminalizazio saiakera elkartearen aurkakoa ere bada»

Nagore Lopez de Luzuriaga «senide bat baino ez dela» garbi utzita, honen aurkako «kriminalizazio saiakera» elkartearen aurkakoa ere badela adierazi du Etxeratek. Ildo horretan, eragile politiko, sindikal eta sozialei elkartearekiko babesa adierazteko eskatu die.

Etxeraten agerraldi jendetsua, Antiguako pilotalekuan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Etxeraten agerraldi jendetsua, Antiguako pilotalekuan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Etxerat elkarteko hamarnaka kidek elkartea azken hilabeteetan pairatzen ari den «kriminalizazio saiakera» salatu dute hedabideen aurrean, presoen eskubideen defentsan egiten den lan «ororen» aurka jotzen ari dela gaineratuz. Nagore Lopez de Luzuriaga eta Urtzi Errazkinek hartu dute hitza, euskaraz azken honek.

Pasa den asteko polizia operazioa izan du hizpide Errazkinek. Haren esanetan, operazioaren ondorengo autoak «argi erakutsi du» elkarteko kide den Lopez de Luzuriagaren aurkako «kriminalizazio saiakera» bat egon dela eta, ildo horretan, saiakera hau elkartearen aurkakoa ere badela gaineratu du; «Nagore senide bat gehiago da».

Zortzi atxilotuen abokatuek agerraldia eskaini zuten pasa den astean eta bertan Alfontso Zenonek jakinarazi zuen Guardia Zibila bi lagun gehiago atxilotzen saiatu zela; horien artean Lopez de Luzuriaga bera eta Fernando Arburua Jaiki Hadiko kidea.

Hala, Etxeraten ideologia ezberdinetako senideak daudela gogoratu du, «guztioi egokitu baitzaigu elkarte honetako kide izatea, guk aukeratu gabe». Gauzak horrela, presoen eskubideen defentsan lanean jarraituko dutela adierazi du Errazkinek, «guk osatzen dugun frente bakarra eskubideen defentsari dagokiona baita». Bide horretan, pasa den larunbatean Bilbon ospatu zen manifestazioa aipatu du euren apustu gisa.

Hortaz, Etxeraten aurkako «erasoekin» amaitzea exijitu du eta eragile politiko, sindikal eta sozialei dei egin die elkartearekiko babesa adieraz dezatela, «guztiek baitakite zer garen eta zeren alde egiten dugun lan».