Naiz.info
Santander

Racingeko jokalariek uko egin diote norgehiagoka jokatzeari eta Reala finalerdietan da

Reala Kopako finalerdietarako sailkatu da. Racingeko jokalariek aurrera egin dute partida ez jokatzeko erabakiarekin eta Gil Manzano epaileak bertan behera utzi du. Bartzelona izango dute aurkari donostiarrek hurrengo fasean.

Racingeko jokalariak, zelai erdian, epaileak partidari amaiera eman dionean. (Ander GILLENEA/AFP)
Racingeko jokalariak, zelai erdian, epaileak partidari amaiera eman dionean. (Ander GILLENEA/AFP)

Arratsaldean zehar espekulazioak nagusi izan dira Racingek eta Realak gaur 21.00etan Sardineron jokatu behar zuten norgehiagokaren inguruan. Kantabriarrek orain egun gutxi iragarri zuten taldeko zuzendaritzak dimisioa ematen ez bazuen, partida ez zutela jokatuko. Bost hilabete daramatzate jokalariek euren soldatak jaso gabe eta Angel Lavin zuzendariaren dimisioa galdegin zuten Kopako final laurdenetako itzuliko neurketa jokatzeko.

Arratsaldean zenbait komunikabidek iragarri dute Lavin Santanderko notaritza batean zela eta dimisioa eman zezakeela, baina ez da halakorik gertatu. Presidenteak ez die eskaerei erantzun eta Sardineron izan da.

21.00etan puntuan eman dio hasiera norgehiagokari Gil Manzano epaileak. Realak jarri du baloia jokoan eta, bitartean, Racingeko jokalariak zelai erdian elkartu dira; aulkian, teknikari eta ordezko jokalariak besarkatuta altxa dira.

Epaileak kapitainarekin hitz egin eta honek ez jokatzeko asmoa jakinarazi dio. Bertan behera geratu da beraz neurketa eta zuzenean Reala Kopako finalerdietarako sailkatu da. Hurrengo fasean Bartzelona izango du aurrez aurre.