Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

‘Munibe Antropologia-Arkeologia’ aldizkaria Scopus datu-basean izango da aurrerantzean

Aranzadi elkartearen ‘Munibe Antropologia-Arkeologia’ aldizkaria Scopus datu-basean izango da hemendik aurrera. Datu-base horri esker aldizkariari egindako aipuak neurtzea posiblea da. Era berean, nazioartean ikusgarritasuna ematen dio eta bertan idazten dutenentzat ere baliagarria da curriculuma osatzerakoan.

Ikerne Badiola, Martin Garitano, Juan Luis Arsuaga, Alvaro Arrizabalaga eta Paco Etxeberria, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS).
Ikerne Badiola, Martin Garitano, Juan Luis Arsuaga, Alvaro Arrizabalaga eta Paco Etxeberria, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS).

Juan Luis Arsuaga paleontologoak zuzenduta eta Alvaro Arrizabalaga EHUko aurrehistorialariak editore lanak eginez lortu du ‘Munibe Antropologia-Arkeologia’ aldizkaria Scopus datu-base entzutetsuan sartzea. Honakoa Aranzadi Zientzia Elkarteak urtero kaleratzen duen argitalpena da. 1949an argitaratu zuten lehenengo alea eta 1984ean bi aldizkaritan banatzea erabaki zuten: ‘Munibe Antropologia-Arkeologia’ eta ‘Munibe Natur Zientziak’. Lehenak lortu du, momentuz, Scopus-en agertzeko ohorea.

Arsuaga pozik agertu da goizeko agerraldian. «Orain ofizialki nazioarteko aldizkaria da. Hasi ginenean informazioa liburutegi batzuetako hemeroteketan bilatzen genuen, ez zen erraza aurkitzea», aipatu du. Neurri handi batean hala da Scopus bezalako datu-baseei esker. Errekonozimendua lortzea ez da erraza izan kontrol zorrotzak pasa behar dituztelako eta horiek berdinak dira argitalpen handientzat eta txikientzat, baina ‘Munibe Antropologia-Arkeologia’ txikia izanik ere bertan dago. Era berean, zuzendariak azaldu du orain ikertzaile gehiagoren testuak jasoko dituztela. «Ikertzaile gazteek guregana joko dute badakitelako euren lanak ebaluatuak izango direla, eta curriculuma osatzerakoan aldizkariaren erreferentzia egin ahal izango dutela».

Editorea, berriz, aldizkariaren ale berriaren inguruan mintzatu da. «Hamairu artikulu dauzka eta hilberri bat. Kronologikoki antolatzen ditugu; adibidez, arkeologia garaikideari buruzko aurkikuntza bat egingo bagenu, esaterako, frankismoko hilobi komunen ingurukoa, aldizkariaren amaieran jarriko genuke». Argitalpenaren edukia osorik eta libre irakur daiteke interneten, baita deskargatu, kopiatu eta elkarbanatu ere www.aranzadi-zientziak.org/munibe-antropologia-arkeologia webgunean.