@arianekamio
Donostia
Elkarrizketa
Eider Olazar Elduaien
‘Kalegorrian’ saioko esataria

«Eraldaketa sozialean sinesten dugu eta gure ekarpena egiten saiatzen gara hedabide bezala»

Irratiaren alorreko Argia Saria jaso du Eider Olazar kazetari tolosarrak. Infozazpi Irratiko ‘Kalegorrian’ saioaren bigarren zatiko gidari da Olazar, eta kultura eta gizarte gaiak zorroztasunez lantzea izan da epaimahaiak kontutan hartutako arrazoi pisutsuena. Berarekin solasean izan gara.

Eider Olazar Elduaien. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Eider Olazar Elduaien. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Goizero, 10.30etik aurrera, ‘Kalegorrian’ saioaren bigarren zatiko gidaritza hartzen du Eider Olazar Elduaienek Infozazpi Irratiko uhinetan. Tertuliak, elkarrizketak eta gonbidatuak izaten dira bere saioko ardatzetako zenbait, baina pertsonaia horien atzean dagoena da Olazarrek azalera ekarri nahi izaten duena. Gizarte gaiak biluztea, gertutik gertura egindako kazetaritzaren baitan.

Kultura eta gizarte gaiak lantzerako orduan izan duzun zorroztasunagatik jaso duzu, besteen artean, Argia Saria. Zorroztasunak ala entzulearekiko gertutasuna lortzeak eramaten zaitu gai horiek mikrofono aurrean biluztera?
Bi gauzak egiten saiatzen garela esango nuke. Batetik, gaiari ahalik eta zuku gehien ateratzen edo erpin desberdinetatik begiratzen eta ulertzen saiatzen gara. Eta bestetik, gure begirada horretatik abiatuta gaia entzuleari aurkezten eta nolabait gure eremu horretara erakartzen edo ‘feeling’-a sortzen. Batzuetan lortuko dugu eta besteetan ez, entzuleak berak ere gai batekiko sentsibilitate handiagoa edo txikiagoa izan dezake eta guk geuk ere batzuetan abilezia handiagoa edo txikiagoa izango dugu… Eta egia esan oso ariketa baliagarria izaten zait, irratiaren beste aldean entzuten ari den pertsona zehatz bat imaginatzea, aurpegia jartzea. Eta pertsona horrek zer jakin nahiko lukeen eta nola azalduko nioken pentsatzeak laguntzen dit.

Astelehenetik ostiralera, goizeko 10.30ean aireratzen du Eider Olazar Elduaienek bere ahotsa Infozazpi Irratian. Abortoa, hezkuntza, euskal kultura eta euskararen egoera izan daitezke denbora horretan landu ohi diren gaietako batzuk. Ahotsetik uhinetara doan bide horretan, gai horiekiko ikuspuntu zehatzak gizarteratzen dira zurean. Kazetaritza konprometitua? Kazetaritza soziala? Kazetaritza errealista? Nola deitu zure tartean ematen duzun horri?
Guztiak sartuko nituzke nire zakuan! Baina batik bat eragile sozialei hitza ematen saiatzen gara. Eraldaketa sozialean sinesten dugu eta arlo horretan uste dugu ekarpena egin dezakegula guretik, hedabide bezala eta irrati herritar bezala. Horretarako jaio ginen, ikuspegi burujabe eta nazional batetik gizarte antolaketa eta harreman eredu justuago eta parekoak bultzatzeko eta ardura horri eusten diogu.

Usu komunikabideetatik at geratzen diren eztabaidak daramatzazu eguneroko tertulietara. Berriki, esaterako, emakumeen hankarteko ileak, depilazioa eta feminismoa izan dituzu hizpide. Hankartean ez dakit, baina zurea ahoan bilorik ez duen saioa dela esan al daiteke?
Kar, kar, kar… Oraindik orain itzalean mantenten diren esparru eta errealitate asko daude gurean, horietako asko generoarekin oso lotuak. Eta bai, saiatzen gara horiek azaleratzen eta argitara ekartzen. Horretarako, ahots berriak, protagonista berriak lehen planora ekartzea ere beharrezkoa da.

‘Kalegorrian’-eko bigarren atalean parte hartzen duten protagonistek akaso ez dituzte izen entzutetsuak izango etxetik kanpora baina nik uste handiak direla guztiak euren etxeetan. Guztiak eskertu nahiko nituzke hemendik, bene benetan, modu erabat boluntarioan eurek ere egiten dutelako ‘Kalegorrian’ saioa. Horietako batek orain gutxi esaten zidan «mundua, norberaren etxetik hastean da», etxetik hurrun dagoena, hain zuzen… Eta egia da, egunerokotasunean egiten den ekarpenetik, aletik aldatzen da mundua. Iraultza txikiak behar beharrezkoak ditugu eta baditugu, asko gainera gure herrian, eman diezaiegun hauspoa horiei.

Berriki beste sari bat jaso duzu. Saria, edo beka. Oihana Etxebarrietarekin batera bultzatako proiektu amankomunari esker jaso duzue ‘Berria’ beka. Emakumeak eta kazetaritza egitasmoaren muinean. Nolakoa da zure ustez emakumezkoaren plaza kazetaritzaren alorrean?
Oro har, jendarte osoan bezala, desorekatua beheranzko joeran. Horrekin hausteko tresna baliagarria izan nahi du «emakume adituen biltoki digitalak». Hedabideetan, oraindik orain, gizonezkoak dira nagusi. Akaso hedabideek zabaltzen duten irudia aztertzeko hedabideak eurak barrutik nola antolatuta dauden aztertu beharko genuke. Momentuz ez dugu horretan sartu nahi izan, nahiz eta eragin handia duen kaleratzen den emaitzan. Baina esan bezala, hedabideek zabaltzen duten irudian eta mezuan eragin nahi dugu tresna honekin. Protagonista berriak, aktoresa berriak proposatzea da gure asmoa hauek ere egunero irensten ditugun mezuen imaginarioaren parte bilaka daitezen. Guk tresna jarriko dugu mahai gainean, gero borondatea eta konpromisoa beharko da erabiltzeko.

Ez nuke betiko topikoetan erori nahi baina galdetu beharrean nago. Zer da zuretzat sari hau jasotzea? Norbaiti eskainia ere izango al da?
Nik sentitzen dut niri tokatu edo egokitu zaidala sari hau jasotzea. Baina askoz ere gehiago ordezkatzen duela sari honek. Hasteko eta behin esan nahiko nuke ‘Kalegorrian’ saioko ahots nagusia den Jon Mikel Fernandez lankideak ematen diola izaera eta nortasuna saioari. Eta saioan parte hartzen duten 100 kolaboratzaile inguruk ematen diotela mamia, edukia. Hauena guztiena ere bada saria, nola ez, eta guztiak zoriondu nahiko nituzke barru barrutik.

Eta era berean adierazi nolabait Info7 proiektua bera ere bere osotasunean saritu dela. Izan ere, ‘Kalegorrian’ saioa, Info7 irratiaren esentzia da nolabati. Bertan barnebiltzen da guk egin nahi dugun kazetaritza eredua, gure begirada eta izaera. Baliabide ekonomiko mugatuak ditugu ordea, eta ezin lan egiteko modu hori 24 orduko franja osora zabaldu. Baliabide ekonomiko gehiago izango bagenitu ‘Kalegorrian’ gehiago egingo genituzke. Uste dut sari honek bide horretan bere ekarpena ere egingo duela eta lagunduko digula lortzen ari garen erreferentzialtasun hori zabaltzen eta proiektua bera garatzen.