@Aimar_etxe
Elorrio

«Azken hamahiru urte luze hauetan erail dute Arkaitz»

Ez da oraindik astebete igaro Arkaitz Bellon Puerto Ieko espetxeko ziegan hilik aurkitu zuenetik. Etxeratek, senide eta lagunek eta konfiantzazko medikuak agerraldia eskaini dute Elorrion. Heriotza bat batekoa izan zela jakinarazi badute ere, gertatutakoa «azken hamahiru urteetan bizi izan duenaren ondorioa» dela ohartarazi dute.

Arkaitz Bellonen ama, aita eta senideak hunkituta, prentsaurrekoan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Arkaitz Bellonen ama, aita eta senideak hunkituta, prentsaurrekoan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Arkaitz Bellonen heriotzetik astea betetzear dela, Etxerat elkarteak, bere senide eta lagunek eta presoaren autopsian parte hartu zuen konfiantzazko medikuak (Miren Arana) agerraldia eskaini dute Elorrion, bere jaioterrian.

Hunkigarria izan da prentsaurrekoa, nork bere lekukotza eta bizipenak izan baititu mintzagai. Guztiak, baina, bat etorri dira Bellonen heriotza espetxe politikaren eraginpean gertatu dela ondoriozatzerako orduan.

Etxerateko kideek eman diote hasera agerraldiari, gaztearen heriotza «ulertezina» izan dela adieraziz. «Nola uler daiteke 36 urteko gazte bat, kirolaria eta osasuntsua, bere ziegan bakarrik hilda agertzea?», egin dute galdera. «Heriotza orain hamahiru urte hasten da, ez da azken egunetako gertaeren ondorio», gaineratu dute.

Biriketako edema

Bellonen bigarren autopsian parte hartu zuen konfiantzazko medikuak, Miren Aranak, aldiz, gaztearen heriotzaren inguruko datu medikuak eskaini ditu. Pasa den otsailaren 5ean funtzionario bat bere zeldara gerturatu eta ohean aurkitu zuela azaldu du –betiere kartzelako iturrien arabera– eta honek, Bellonek ez zuela erantzuten-eta, medikuari deitu ziola gaineratu du. Larrialdi zerbitzutakoak izan omen ziren Elorrioko gaztearen heriotza baieztatu zutenak. Heriotza bat batekoa izan zela onartu arren, behin behineko emaitzen zain direla jakinarazi du.

Bellon biriketako edema baten ondorioz hil zela esan du Aranak, baina gorpuari egindako froga toxikologiko, histiopatologiko eta mikrobiologikoen emaitzak jakitea falta dela adierazi du.

Bere iritziz, baina, espetxeak presoaren osasun egoerari mesederik ez diola egin nabarmendu du, «aurkakoa, kalte egiten dio».

«Azken hamahiru urte luze hauetan erail dute Arkaitz»

Agerraldia bere osotasunean hunkigarria izan bada, zer esanik ez Bellonen lagunen hitzartzea. Albistearen berri izan zuten unean euren bihotzek «krak» egin zutela adierazi dute. Bat bateko heriotza naturala izan denaren ideia baztertu gabe, ordea, euren ustez «azken hamahiru urte luze hauetan erail dute Arkaitz».

Duela hamahiru urte atxilotu eta torturatu zutela gogoratu dute, baita frogarik gabe espetxeratu ere, «proportziorik gabeko» kondena ezarri ziotela aipatzearekin batera. «Guk, lagun eta senideok, dispertsioa ezagutu dugu, baina ez dakigu Arkaitzek nola bizi izan zuen bere senideek bisita batera bidean izan zuten istripua, edo espetxean pairatu izan zuen tortura, edo isolamendua...», azpimarratu dute.

«Beldurrezko pelikula»

Lagunen arabera, «bakar bakarrik» irentsi du Bellonek bizi izandako guztia. «Bisitetan beti irribarrez agertzen zen, ez zuen gure bihotza mindu nahi», gaineratu dute. Horregatik, gaztearen heriotza «kasualitatea» baino «kausalitatea» izan dela adierazi dute.

Ildo horretan, egiazkoa dela jakin ezean Bellonen kasua «beldurrezko pelikula» bat dela gaineratu dute Etxerateko kideek. Indarrean dagoen espetxe politika ere salatu dute, presoa «suntsitzera» bideratua dagoela sinetsita. Horregatik, giza eskubideen aldeko lana egitea denon ardura dela azpimarratu dute, «baita hiltzen duen sakabanaketarekin amaitzea ere».