@arianekamio
Donostia

Ez dago guztia galduta

Amets egiteko askatasuna hartu du Realak. Aurrean Bartzelona eta joaneko partidako 2-0eko aldea ditu gainditzeke, baina Anoetan guztia ez dagoela galduta sinetsita daude Jagoba Arrasaterenak.

Carlos Vela mexikarrak amorrua agertu zuen joaneko partidako penaltiagatik. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Carlos Vela mexikarrak amorrua agertu zuen joaneko partidako penaltiagatik. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ez da erraza izango, baina ez dago dena galduta. Bartzelona ez da aurkari makala eta joaneko partidan lortutako emaitza kaskarrak (2-0 kataluniarren alde) areagotu egiten du Kopako finalerako txartela lortzeko lehia. Nolanahi ere, borroka egin eta helburuak lortzeko prest da Jagoba Arrasate.

Gonzalez Gonzalez epaileak iragan asteko norgehiagonak egindako lanak zapore gazia utzi zuen donostiarrengan, batez ere Velari egindako penalti argia ikusi ez zuelako eta hortik gutxira Iñigo Martinez kalera bota zuelako. Amorrua dute donostiarrek, baina amorru hori beraien aldeko arma gisa erabiltzen saiatuko dira markagailua iraultzeko.

Azken orduetan sare sozialetan gaurko neurketarako giroa berotzen ari da. Realak berak kanpaina txiki bat abiatu du zaletuei Anoetara bertaratzeko eskatuz eta taldearekin bat egin dezatela galdeginez. Twitterren #NoFaltes #EzHutsEgin eta #Remontada traolak dira erabilienak.

Gaueko 22.00etan abiatuko da partida, Anoetan. Realak, golik jasotzen ez badu, bi eta hutseko emaitzarekin norgehiagoka berdinduko luke. Bartzelonak Bravoren atea zulatuko balu, hiru goleko aldea beharko dute donostiarrek, etxetik kanpo egindako golek balio bikoitza baitute.

NAIZek zuzenean eskainiko du finalerdia.