@ane_arruti
DONOSTIA

Webgune eta lan talde eraberritua izango ditu ‘Jakin’ aldizkariak

Eguerdian abiarazi du jakingunea.com atari eraberritua ‘Jakin’ aldizkariak. Bere 200. zenbakiarekin batera, lan taldea eraberrituko du eta hemendik aurrera fundazio izaera hartuko du.

Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Jakin’ aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zela 58 urte beteko dira aurten eta azken 37 urteetan zuzendari izan duen Joan Mari Torrealdaik iragarri du herria, kultura eta hizkuntza zutabe dituen argitalpen honen «historiako saltorik handiena». Bere esanetan, «euskal kulturaren aro berri honek tresna berri bat behar du», eta horri erantzuna eman asmoz dator jakingunea.com ataria, etorkizun laburrean jakin.eus bilakatuko dena, aurreikusten dutenaren arabera, ekainean.

Webgunean azken hirurogei urteetan egindako lana aurki daiteke, besteak beste, ‘Jakin’ek argitaratutako aldizkari eta liburu guztiak, 50.000 fitxatik gora biltzen dituen ‘Liburuaren behatokia’, elkarrizketen audio eta bideoak… Zenbait eduki harpidedunentzat mugatuta egongo dira eta argitalpen egunetik hiru urteko epean doakoak izatera pasako dira.

Digitala lehenetsiko dutela aitortu dute baina paperari eutsi egingo diote, eta hau ere eraberritu dute, kolorea sartu dute eta «malguagoa eta modernoagoa ageri da». Aldizkari «analogikoak» eta digitalak aldi berean argitaratuko dira hemendik aurrera.

Zuzendaritzan eta lan taldean ere erreleboa izango du aldizkariak. «Jakinkide historikook hil arte ‘Jakin’en jarraituko badugu ere, gidaritza belaunaldi berri batek hartuko du. Gu hor izango gaitu, laguntzeko prest, baina talde berriaren eskutan geratuko da egitasmoa», azaldu dute, baina maiatzetik aurrera aurkeztuko dute lan talde berri hori.

Azkenik, hemendik aurrera fundazio egitura hartuko dutela azaldu dute. «Horren helburua ondare material eta ezmaterial osoa euskal kulturaren zerbitzurako uztea da».