NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako lan istripuan zauritutako langileetako batek larri jarraitzen du ospitalean

Donostian atzo izan zen istripuan hil zen langilea eta zauritu ziren bi beharginak 23 metroko altueratik erori ziren, Osalanen lehen txostenak jaso duenez. Zaurituetako batek larri jarraitzen du, Zainketa Intentsiboetako Unitatean.

CCOOk elkarretaratzea egin du istripua gertatu zen tokian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
CCOOk elkarretaratzea egin du istripua gertatu zen tokian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Amerika plazan eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzetan gertatu zen lan istripuan langile bat hil zen eta beste bi zauritu ziren, aldamio bat erori ondoren. Zaurituetako batek larri jarraitzen du Donostia Ospitalean, Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), eta besteak zirujiako sailean, ez hain larri, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Osalanek dagoeneko egin du lehen txosten bat eta bertan jasotzen denez hiru langileak 23 metroko altueratik amildu ziren, seigarren solairuko kofratuaren eta hormigoiaren zati bat erortzean.

Txosten horretan istripua nola gertatu zen deskribatzen da soilik; orain ezbeharra saihesteko prebentzio neurririk hartu zen ikertu behar dute.

Etxebizitzen eraikuntza Amenabar enpresari esleitu zioten, eta honek Volumocivil Construçoes enpresa portugaldarra azpikontratatu zuen. Hiru langileeak konpainia horrentzat ari ziren lanean.

CCOOk elkarretaratzea egin du gaur istripua izan zen tokian. Bihar gehiengo sindikalaren txanda izango da, 11.00etan, Errotaburuko biribilgunean.