@ane_arruti
Donostia

Itziar Nogeras: «Nire dimisioak erakundeek erreakzionatzeko balio badu, pozik noa»

Donostia 2016 proiektuaren «blokeo teknikoa, zuzendaritza eta lan taldearekiko konfiantza falta eta alderdien arteko liskar politikoak» dira kargua uzteko Itziar Nogerasek komunikabideen aurrean eman dituen arrazoiak.

Itziar Nogerasek prentsaurrean eman ditu bere dimisioaren arrazoiak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Itziar Nogerasek prentsaurrean eman ditu bere dimisioaren arrazoiak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Polemika eta zurrunbiloa sortu ditu Itziar Nogerasek hartutako erabakiak azken egunetan. Asteartean bere kargua Donostia 2016 Patronatuaren esku utzi zuen, aurretik dimisioa iragartzeko prentsaurrekoa bertan behera utzi ondoren. «Bertan behera utzi nuen prentsaurrea horrela eskatu zidatelako patronatuko kideek. Organo horrekiko begirunez, nire erabakia 24 ordu atzeratuko nuela esan nien», esan du gaur goizean. «Ez nuen espero 24 ordu horiek nire izena eta ospea zikintzeko izango zirenik eta hala izan da», gaineratu du. Atzokoan zuzendaritza utzi egingo duela iragarri zuen.

Gaurkoan, prentsaurrean eman ditu kargua uzteko hiru arrazoi nagusiak. Azaldu duenez, «blokeo teknikoa, zuzendaritza eta lan taldearekiko konfiantza falta eta alderdien arteko liskar politikoek» eraman dute erabaki hori hartzera.

«Uste dut proiektuak blokeo tekniko bat bizi duela. Zuzendaritza kulturalaren soslaia ez zaio 2016 proiektuaren ezaugarriei egokitzen eta hori arazo handi bat izan da zazpi hilabete hauetan». Ondoren zehaztu du ez duela Guadalupe Echeverriaren ibilbidea zalantzan jartzen, baina proiektuaren ezaugarriak ez direla bere perfilarekin uztartzen.

Bigarrenik, zuzendaritza orokorrarengan konfiantza eta konpromiso falta salatu du. «Nire izendapenaren inguruko polemikaren aurrean egon zen babes faltarekin hasi zen arazoa, eta gailurrera iritsi da asteburu honetan prentsan agertu den patronatukideei soilik bidali zitzaien informazio konfidentziala filtratu denean». "El diario vasco" egunkariak argitaratutakoaren harira, esan du ezinezkoa dela kalkulatzea Hiriburutzaren lan-taldeak eta eragile soziokulturalek azken hilabeteotan egindako lanari egin zaion kaltea.

Fundazioaren independentzia falta ere izan du mintzagai. Proiektuak aurrera egin dezan, derrigorrezkoa ikusten du hiru alderdiren artean adostutako pertsona bakar bat aukeratzea eta honi autoritate osoa ematea proiektuaren ardura eta horretarako behar duen lan-taldea aukeratzeko. Izan ere, hirugarren arrazoi moduan, Donostia 2016 «partiduen arteko liskar politikorako elementu gisa» erabiltzen dela salatu du. «Elkarbizitzarako eszenatoki eredugarria izan beharko lukeen proiektu bat, baita partidu politikoen artean ere, gaur egun jaurtigai bat da, mezu negatiboz irratiak, telebistak eta prentsa betetzen dituena, herritarrek proiektuarekiko duten ilusio eta lotura emozionala desagertzen ari den bitartean».

Erakundeengana zuzendu da Donostia 2016 egitasmoko zuzendari ohia. «Nire dimisioak erakundeek erreakzionatzeko balio badu, pozik noa», ohartarazi du..

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eman zuen atzo bere ikuspuntuaren berri. Egitasmoak «bai ala bai» aurrera jarraituko zuela baieztatu zuen eta Nogerasen «formekin minduta» agertu zen.