Nagore @belastegi
DONOSTIA

Robert Guédiguian, Giza Zinemaldiko sariduna: «Langile klaseak kontzientzia galdu du»

Gizarteak aurrera egiten duen ahala langileen egoera aldatuz joan da. Horren ondorioz, egungo langileek ez dira langile-klasearekin identifikatzen eta garai bateko kontzientzia alde batera utzi dute, Robert Guédiguian zuzendari frantsesaren esanetan.

Robert Guédiguian, bihar jasoko duen sariarekin eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Robert Guédiguian, bihar jasoko duen sariarekin eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Robert Guédiguian Marsellako zuzendariak Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria jasoko du bihar 19.30ean ‘A l'attaque!’ bere filmak jaialdiari hasiera ofiziala eman ostean. Sari honek zinema munduko pertsonaia batek bere ibilbidean giza eskubideen alde egindako borroka aitortzeko balio du eta Guédiguianek ezin hobeto betetzen du baldintza hori, 30 urtetan zehar bere inguruko istorioak kontatzen ibili baita pelikuletan.

Gaur eguerdian Donostian eskaini duen agerraldian aipatu du gizartea aldatu egin dela eta langileek jada ez dutela klase kontzientziarik. «Lehen buzoa eta trajea eramaten zutenen artean bereizten ziren klaseak. Orain langile kontzientzia galdu egin da ez dugulako ulertzen trajea eraman arren langileria osatzen jarraitzen dugula. Nire filmeekin hori aldatzen saiatzen naiz», aipatu du.

Izan ere, Marsellako eta bere auzoaren enbaxadore bilakatu da. «Harro nago ikuspegi horretatik begiratzen nautelako. 10 urte nituenetik beti nahi izan dut nire inguruaren bozeramaile izatea, beraz, bide horretatik jarraituko dut». Kontatzen dituen istorio asko bera jaio zen langile-auzokoak dira.

Urte hauetan guztietan egindako lana ez da Marsellan bakarrik gelditu, gurean ere eskertzekoa da. Horren adibide da Stop deshaucios plataformak prentsaurrekoan egin duen agerraldia; Guédiguianen lana txalotu dute eta euren egoera azaldu ostean kamiseta bat oparitu diote. Jaialdiaren inaugurazioaren ostean elkarretaratzea deitu dute Bulebarrean.