Naiz.info
Donostia

Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio Dorot Arzner zuzendariari

Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesionala egitea lortu zuen emakume bakarra izan zen Dorothy Arzner eta Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio hurrengo edizioan.

Dorothy Arznerri atzera begirakoa eskainiko dio Zinemaldiak. (ZINEMALDIA)
Dorothy Arznerri atzera begirakoa eskainiko dio Zinemaldiak. (ZINEMALDIA)

Dorothy Arzner (1897-1979) Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesionala egitea lortu zuen emakume bakarra izan zen. Ez da halako besterik egon AEBetako zinemaren historian. Bere lana omentze aldera, Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio hurrengo edizioan.

Arzner aitzindaria izan zen emakumeak zinemaren industrian sartzeko lanean, eta bere estilo eta nortasun bereziak ospe handia eman zioten Hollywoodeko estudio-sistemaren barruan.

Zinemaren munduan egin zuen lehen lanean estenografo aritu zen Players-Lasky estudioan (geroago Paramount izango zena), filmen gidoiak transkribatzen. Bere trebeziari eta borondate sendoari esker erantzukizun handiagoko lanak lortzen joan zen: sinopsi idazlea, errodajeko script-a eta, azkenik, muntatzailea.

Arznerrek presioa egin zion Paramount etxeari film bat zuzentzen utzi ziezaion, eta estudioko zuzendariak mehatxatu zituen, Columbia estudio lehiakideak eginiko lan-eskaintza bat onartuko zuela esanda. Azkenik, ‘Fashions for Women’ (1927) filma zuzentzea lortu zuen, eta, hurrengo urtean, soinudun film bat zuzendu zuen historiako lehen emakumea izan zen; ‘Manhattan Cocktail’ (1928).

1930eko hamarkadan eta 1940ko hamarkadaren hasieran hamabost film gehiago zuzendu zituen, eta Hollywoodeko izar handiekin lan egin zuen, besteak beste: Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawford. Haiekin guztiekin emakumeen pertsonaiek garrantzi berezia zuten komediak eta melodramak egin zituen. ‘The Wild Party’ (1929), ‘Anybody's Woman’ (1930), ‘Sarah and Son’ (1930), ‘Honor Among Lovers’ (1931), ‘Working Girls’ (1931), ‘Merrily We Go to Hel’l (1932), ‘Christopher Strong’ (1933), ‘Nana’ (1934), ‘Craig's Wife’ (1936) eta ‘The Bride Wore Red’ (1937) izan ziren bere lanetako batzu.

Urteekin asko harekin ahaztu baziren ere, 60ko hamarkadako mugimendu feministek aldarrikatu egin zuten Arznerren izena, eta hainbat omenaldi egin zizkioten; besteak beste, AEBetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean. Gaur, Arznerren filmografiak balio berria hartu du, ez bakarrik AEBetako zinemaren barruan salbuespen bitxia izateagatik, baita berez dituen balioengatik ere. Arznerren lanek arrastoa utzi zuten. Estilo bisual landuko film haietan zalantzan jarri zituen garaiko sexu-rolak, baita emakumeak gizartean betetzen zuen zeregina ere, eta Hollywoodeko egitura zurrunaren barruan ukitu homosexual ezkutuak sartzea lortu zuen, zenbait kritikariren esanetan.

Zinemaldiak Dorothy Arznerri eskainiko dion atzera begirakoa osatzeko bere irudia eta lana aztertuko dituen argitalpen bat kaleratuko da.