NAIZ.INFO
DONOSTIA

Aldi baterako zuzendaritza izendatu du Donostia 2016 Patronatuak, Xabi Paya buru duela

Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak aldi baterako zuzendaritza izendatu du, datozen asteotan behin betiko zuzendaritza orokorra hautatu bitartean. Xabi Paya programazio kulturalaren koordinatzailea izango da arduraduna.

Donostia 1016 Fundazioaren Patronatuaren bilera Foru Aldundian izan da. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Donostia 1016 Fundazioaren Patronatuaren bilera Foru Aldundian izan da. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak bilera egin du gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundian, Itziar Nogeras zuzendariaren dimisioaren ondorioz sortu den egoera aztertu eta urgentziazko erabakiak hartzeko.

Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu duenez, bileran Donostia 2016ren zuzendaritza osoa berrantolatzea erabaki dute eta, ondorioz, Itziar Nogeras eta Idoia Elizondo komunikazio arduradunaz gain, Guadalupe Echevarriak ere ez du karguan jarraituko. Zuzendaritza kulturalaren ardura zuen honek.

Horien ordez, Patronatuak aldi baterako zuzendaritza teknikoa osatzea adostu du, datozen asteotan proiektua «indartu» eta ahalik eta epe laburrenean zuzendaritza orokor berria izendatzen duten arte.

Aldi baterako zuzendaritzaren bozeramailea Xabi Paya kultur proiektuen koordinatzailea izango da; Garbiñe Muñoa Finantza zuzendaria izango da; Partaidetza eta Antolakuntza ardura Enara Garciak hartuko du eta Santi Eraso eta Txuri Aranburu aholkulariak izango dira.

Patronatua osatzen duten lau erakundeek babestu dute erabakia: Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Lakuako Gobernuak eta Kultura Ministerio espainolak. Azken honetako ordezkaria ez da Donostian izan agenda arrazoiak tarteko, baino telefonoz jardun dute berarekin.

Fundazioaren Batzorde Eragileak astean bilera bat egingo du behin behineko egoera hau lehenbailehen bideratu ahal izateko. Izagirrek esan duenez, ez dute eperik jarri zuzendaritza berria osatzeko, baina «ahalik eta epe laburrenean» izango dela nabarmendu du.