NAIZ.INFO
BILBO

AHTren proiektua «lehenbailehen» gelditzeko eskatu du Elkarlanak

Madril-Bartzelona abiadura handiko trenaren lanen ustezko irregulartasun kasua dela-eta, AHT Gelditu Elkarlanak gogoratu du azpiegitura hori datozen hamarkadetarako «ikaragarrizko hipoteka» izango dela eta horregatik Lakua eta Iruñeko Gobernuei lanak gelditu ditzatela eskatu die.

Ohar baten bitartez, Adifen eta Corsan-Corviam enpresaren aurka burututako sarekadaren irakurketa egin du AHT Gelditu! Elkarlanak.

Haien ustez, abiadura handiko trena, «hamarkadetan politikari eta enpresa eliteentzat negoziorik handienetako bat» izan da.

Afera honetan herritarren hitza beti «gaitzetsi» izan dutela salatu ondoren, AHT Gelditu! Elkarlanak gaineratu du azpiegitura horrek, «zorraren eta defizitaren igoera ekartzearekin batera, datorren hamarkadetan ikaragarrizko hipoteka jasan behar izatea dakarrela».

Horregatik, Lakuako eta Nafarroako Gobernuei dei egin diete, AHT eraikitzeko lanak «lehenbailehen» gelditu ditzaten. «Orain arte 2.200 milioi euro inguru gastatu dira, eta oraindik %60 gastatzeke legoke», adierazi dute.