Inoiz baino ikastaro gehiago antolatu ditu aurten UEUk

Iazko arrakasta errepikatzeko helburuarekin, 42 ikastaro antolatu ditu aurten UEUk, inoiz baino gehiago. Horietatik 26 Eibarren izango dira, zortzi Baionan eta beste zortzi Iruñean. Sei jakintza arlotan banatuko dira.

NAIZ.INFO|IRUÑEA|2014/05/14 16:17
Ueu
Iñaki Alegria eta Irati Iciar, UEUren ikastaroen aurkezpenean. (UEU)

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Irati Iciar udako ikastaroen arduradunak aurtengo ikastaroen berri eman dute Iruñean.

Inoiz baino ikastaro gehiago antolatu ditu UEUk aurten, 42 guztira, iazko arrakasta errepikatzeko helburuarekin. Horietatik 26 Eibarren (UEUren ikastetxe nagusian) izango dira, eta zortzina Baionan (AEKn) eta Iruñean (Jaso ikastolan). Azken bi urteak gogorrak izan direla gogora ekarri dute UEUren arduradunek, baina «zorionez gauzak pixka bat hobetu dira eta indartsu» datoz aurten.

Ikastaroak sei jakintza arlotan banatuta daude: artea eta musika; giza-zientziak; ingeniaritza eta teknologia; zientzia aplikatuak; zientziak eta gizarte zientziak. Azken hori izango da jakintzarik nagusiena. Esan dutenez, ez da erraza izan 42 ikastaroak antolatzea, ia 100 ikastaro proposamen jaso dituztelako.

Hiru formatuko ikastaroak daude: espezializatuak, dibulgaziokoak eta garapen pertsonaleko ikastaroak. Izena emateko epea irekita dago, www.ueu.org webgunean.

#Saretu lehiaketa

Horretaz gain, #Saretu lehiaketa antolatu dute maiatzaren 26tik 30era Twitterren. Saretze hori irudikatuko duen txio-kate bat lortu nahi dute. Txiolari batek beste bati mezuak bidaltzean datza, kastaroak aipatuz eta traola hori erabiliz. Sarean arrakasta gehien duen mezuak irabaziko du lehiaketa eta eta saritzat ikastaro bat jasoko du opari gisa.

Hitzaldiak

Ikastaroen zabalkundea egiteko, ekainean Bilbo, Baiona eta Iruñean hitzaldiak antolatu dituzte.

LOTURAK