@NAGORE BELASTEGI
DONOSTIA

Mundumira, Debagoieneko Kulturen Jaia, Arrasatera itzuliko da X. edizioan

Iazko geldiunearen ostean denbora izan dute jada egonkortuta dagoen jaialdi honen norabidea zein izango den pentsatzeko, eta Mundumiraren antolatzaileek erabaki dute mundua Debagoienera ekartzea ondo dagoela, baina egin behar dutena Debagoiena mundura eramatea dela. Horretarako, maiatzaren 30-31 eta ekainaren 1a bitartean ospatuko den hitzorduan bertako eragile ugarik hartuko dute parte.

Duela bi urte Eskoriatzan egin zuten Mundumira. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Duela bi urte Eskoriatzan egin zuten Mundumira. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Mundumira Kulturen Jaiaren hamargarren edizioa ospatuko du Debagoienak maiatzaren 30-31an eta ekainaren 1ean. Lehenengo jaialdia, 2005ean, Arrasaten antolatu zuten eta aurten berriro bertara itzuliko da jada egonkortuta dagoen hitzordu handian bihurtuta. Iaz etenaldia egin zuten jaialdiaren norabideari buruz hausnarketa egiteko eta aurten indarberrituta datoz filosofia berri batekin.

Orain arte munduko kulturak bailaran ezagutzera emateko erabili izan dute, baina hemendik aurrera ideia horri buelta emango diote eta eskualdea kanpoan sustatuko dute. Horretarako, bertako eragileen lana bereziki kontuan izango dute. Adibidez, Besaide Mendi elkarteak mendi ibilaldia eta BTT zeharkaldia antolatu ditu, Eskuartean artisau taldeak artisautza tailerrak prestatuko ditu, Mery May eta The Pothes taldeek kontzertua eskainiko dute eta Debagoieneko Zero Zabor taldeak bizikletentzako aparkalekua ezarriko du, berrikuntza gisa. Izan ere, jendea bizikletaz edo garraio publikoan joatera animatzen dute antolatzaileek. Horretaz gain, gaur goizean egindako agerraldian Ekoferixa produktu ekologikoen azoka azpimarratu dute, artisautza azokarekin batera kokatuko dutena lehen aldiz, eta non bertako ekoizleak izango diren.

Musikari dagokionez, Debagoieneko taldeez aparte, sona handikoak ere izango dira herriko hiru gunetan banatuta. Ostiralean Damba eta Betagarrik joko dute; larunbatean, Family Mbolo eta Yemamah, Arrasateko senegaldarren eta brasileiroen taldeek, hurrenez hurren. Egun berean, Urko Menaia, Iñaki Plaza eta Kiko Venenko arituko dira (azken hori Aretxabaletako Mundumiran izandakoa da). Igandean, berriz, Herritmo ikuskizuna da aipagarria, Euskal Herrian biran ari dena, eta Kukai konpainia, Oreka TX txalapartari taldea eta Kalakan hirukotea bezalakoak biltzen dituena.

Egitarau osoa eta albisteak http://www.mundumirafesta.com/2014/  webgunean aurkitu daitezke.