Gotzon ARANBURU
ZARAUTZ

Literaturia jardunaldiak

Handirako apustua. Hori esan nahi du, Literaturia sustatzen dutenen esanetan, kultur ekitaldi hau aurreneko bost urtean hain gozo eta adeitsu hartu duen Larrabetzutik Zarautza jauzi egiteak. Ez da itsu-itsuan egindako jauzia, ongi neurtua baizik, dena ondo lotuta baitago euskarazko literaturaren bilkurak kokapen berrian fruitu ugariagoak eman ditzan. Eta hori da helburua, atzo Larrabetzun, gaur Zarautzen eta bihar nork daki.

2014ko liburu berriak aurkezteko Garoa dendan egingo du geldialdia Literaturiak larunbatean. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)
2014ko liburu berriak aurkezteko Garoa dendan egingo du geldialdia Literaturiak larunbatean. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)

Hasieratik antolaketa lanetan aritu den Gotzon Barandiaranek azaldu moduan, «literaturaren adierazpide guztien erakusketa, dela liburua, antzerkia, musika, bertsoa edo ikusentzunekoa, asteburu batean bilduta, hori da Literaturia». Ezaugarri du urtean zehar argitaratutako lan berriek toki berezia izaten dutela, eta liburu azoka osagarri nagusienetakoa duela, euskarazko literaturaren uda aurreko azoka erreferentzial izan nahi bailuke.

Jaio, Literatur Eskolaren magalean jaio zen Literaturia, duela hamar urte. Literatura irakurle eta zaleen bilgunea da Literatura Eskola, Larrabetzun jaioa hori ere eta ondoren Euskal Herri osora hedatua. Sare honek hainbat egitasmo gauzatu ditu hamarkada honetan, eta horietako bat izan zen Literaturia, euskarazko literaturak plaza bat behar zuela ikusten baitzuten zale hauek, kulturaren arlo espezifiko honen pozak eta kezkak erakusteko balioko zuen plaza. Edozein zelarik ere kokapena, eskolakoek garbi zeukaten tokiko herritarrek hartu beharko zutela antolaketa lanaren zama, eta hala egin dute larrabetzuarrek joandako urteotan. Laguntzaile izan dituzte Literatur Eskola, 111 Akademia edo Euskal Antzerkizaleen Elkartea, batzuk esatearren.

Hazteko beharra

Baina hazi beharra nabaritu du Literaturiak. Herri txikia izanik azpiegiturei dagokionez, borondate onenarekin ere oso zaila zuen ekimenak Larrabetzun haztea. Zarautzek berriz, oso baldintza egokiak dauzka literaturaren plaza handiagoa izateko, eta bertako zaleek eta Udalak onartu dute Literaturia antolatzeko ardura, maiatzaren 28tik ekainaren 1era.

Ana Galarraga literatur zale horietako bat da. Zarautzen sormen handia dagoela dio, bai literaturan eta bai kazetaritzan isla duena, eta irakurzaletasuna ere azpimarragarria dela, aurretik izandako tradizioari eutsiz. Esaterako, argitaletxe garrantzitsuak izan ditu eta ditu Zarautzek (Itxaropena –Arestiren ‘Harri eta Herri’ren argitaratzaile duela 50 urte–, Susa…), liburu dendak ere onak, idazleak eta bertsolariak zer esanik ez… ‘Paperezko lagunak’ irakurle taldea ere indarrean dago, ohiko bilkuretaz gain musika emanaldiak ere antolatzen hasi baita Garoa liburudendan. Horrek guztiak nahiko herri «literarioa» egiten du kostako hau eta erraz itsatsi da Larrabetzun ereindako hazitik sortutako landarea. Udalak, elkarteek, denek eskaini dute laguntza, eta gonbidatutako idazle eta artista guztiek eman dute baiezkoa; izan da aurtengo programazioan sartzeko tokirik izan ez eta datorren urterako txanda gordetzeko eskatu duenik ere.

Euskarazko literaturaren egoera

Zer nolako egoeran dago euskarazko literatura? Gaiaz asko pentsatutakoaren segurtasunarekin erantzun digu Barandiaranek: «Sorkuntza aldetik, euskal kulturak orokorrean bizi duen egoera antzekoa bizi duela esango nuke. Oso kalitate oneko lanak ematen ari da, baina baditu gabeziak. Batetik, ez dauka plaza nahikorik, euskarazko kultura osoari gertatzen zaion bezalaxe, euskara bera delako bigarren mailakoa Euskal Herrian. Beste literatura batzuek ikusgarritasun handiagoa daukate. Transmisioa ere ez dago bermatuta. Erabaki politiko oso sendoak hartu beharra dago euskarazko literatura bultzatzeko. Arlo honetan aritzen garen sustatzaileok, idazleok eta irakurleok behar hori azalerazteko tokia izatea nahi dugu Literaturia».

Idazleek eta irakurleek elkar ezagutzeko parada aparta eskaintzen du Literaturiak. Aurtengo uztatik lau liburu aukeratu dituzte irakurleek taldeka aztertzeko. Egileak –Ana Malagon, Ana Jaka, Iñigo Errasti eta Iñigo Aranbarri– Zarautzen izango dira hilaren 31n, eta ‘Apirila’ eramango duen Aranbarriren hitzetan, «luxu bat da irakurlearekin aurrez aurreko hori izatea. Bientzako da aberasgarria. Egia da irakurtzea bakarkako ekintza dela, baina egia da baita ere irakurritakoa konpartitzerakoan norberak ikusi ez dituen gauzak azaltzen direla, baita idazleak berak ikusi ez dituenak ere. Obra aberastu egiten dela esango nuke». Irakurri bai, baina kritikoa da Aranbarri gero eta presentzia gehiago daukan literatura mota batekin, azkar eta erraz kontsumitzeko egiten den literaturarekin hain zuzen ere. «Azken urteotako joera da, eta hainbat literatura estilo baztertzea dakar horrek» dio azkoitiarrak.

Ez dago Literaturia eta beste kultur ekimenen arteko talkarik, Durangoko Azoka esaterako, alderantziz baizik. Durangokoa euskal kulturaren plaza nagusia dela zalantzarik ez dago, are gehiago azken bost urteotan hainbat atalek izan duten hedapena ikusita, eta Literaturia euskarazko literaturaren arlora mugatzen da, baina Literaturia izateak eta hazteak Durangoko Azokari on egiten diola sinestuta dago Barandiaran. Are gehiago, uste du euskarazko kultur adierazpide guztiek, dela musikak, dela antzerkiak, arte plastikoek… beren «Literaturia» propioa eduki beharko luketela, Euskal Herrian burutzen diren ekimen askotan, gehienetan, bigarren mailako tokia izaten baitute, ez denean testimonial hutsa.