@Nagore Belastegi
DONOSTIA

Lankidetzan erronkei aurre egiteko Auzolab prozesu metodologikoa jarri du martxan Donostia 2016k

Aniztasun handiko pertsona taldeak sortu dituzte erronka desberdinei erantzunak bilatzen saiatzeko. Helburua, bide desberdinak erabiliz emaitza berritzaileak lortzea da. Jada lau talde ari dira lanean, bi erronka bakoitzeko. Izan ere, lehenengo erronkak DSS2016ko bulegotik proposatu dituzte. 

Roberto Gomez de la Iglesia, Enara Garcia eta Xabi Paya, gaurko agerraldian. (DONOSTIA 2016)
Roberto Gomez de la Iglesia, Enara Garcia eta Xabi Paya, gaurko agerraldian. (DONOSTIA 2016)

Bi erronkei buruzko bilerak jada martxan daude. Lehenengoan hiritarrak Europako Hiriburutza Kulturalaren parte direla sentiarazteko bideak bilatuko dituzte, «zigilu» bat sortuko dute zeinekin identifikatuko dituzten proiektuarekin bat egiten duten ekimenak. «Zigilu horrek ez du zertan zerbait fisikoa izan behar. Ikono bat izan daiteke, leku bat, jarrera bat…, azaldu du gaur goizean Roberto Gomez de la Iglesia Conexiones Improbables ekimenaren zuzendariak eta ekimen honen gidariak. «Badakit zaila dela ulertzeko baina emaitza zein izango den ez dakigu, hori da berrikuntzaren gauzarik politena», esan du.

Bigarren erronka Easo kaleko DSS2016ren aretoa (suhiltzaileen egoitza ohia) zertarako erabil daiteken erabakitzea da. Hurrengoak, berriz, ekainaren 6an abiaraziko duten deialdi publiko batetik hautatuko dituzte. Horiek taldeek, elkarteek, kolektiboek… proposatu ditzazkete eta Donostia 2016 proiektuarekin nolabaiteko harremana dutenak izan beharko dute.

Lana egiteko bidea Auzolab deituriko taldeen bidez izango da. Talde bakoitzean aztertzen ari den gaiarekin zerikusirik ez duen profesional bat izango da eta bera arduratuko da dinamizatzeaz. Honela, gai bakoitza beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera izango da. Bilerak aurrera joan ahala, Auzolab taldeak elkartu egingo dira eta atera dituzten ondorioak alderatu egingo dituzte. Amaieran lortzen dituzten emaitzak aurrera ateratzeko asmoa du DSS2016 bulegoak.