Naiz.info
Iruñea

Ventura Tomeren askatasuna galdegin dute Iruñean

Gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea eskatu dute gaur Iruñean egindako manifestazioan. Bereziki Ventura Tomeren kaleratzea galdegin dute. 60 urteko preso tafallarra Murtzian dago espetxeratuta eta minbizia du.

Medikuz jantzitako hainbat lagun manifestazioaren buruan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Medikuz jantzitako hainbat lagun manifestazioaren buruan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatu dute gaur Iruñeko kaleetan egindako manifestazioan. Bereziki Ventura Tomeren kasua izan da aldarrikapen nagusia. Izan ere, preso tafallarra Murtziako kartzelan dago espetxeratuta eta minbizia du. Berriki birika zati bat kendu behar izan zioten eta jasaten dituen muturreko bizi baldintzak salatu dituzte.

Manifestazioa arratsaldeko 18.00etan abiatu da autobus geltoki zaharretik ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Ventura Tome eta gaixo dauden presoak etxera’ lelopean. Mobilizazioaren buruan medikuz jantzitako hainbat lagun joan dira, gaixotasun larriak dituzten presoen izen eta eritasunak zehazten zituzten kartelak esku artean hartuta.

Manifestazioan parte hartu dute, besteak beste, Amaiurko diputatu Xabier Mikel Errekondok, Sortuko bozeramaile Amaia Izkok, Bildu eta Aralarko parlamentari Bakartxo Ruiz eta Asun Fernandez de Garaialdek eta LABeko Nafarroako eledun Igor Arroyok.

Mobilizazioa abiatu aurretik, Cristina Gracia Ventura Tomeren bikotekideak bere askatasuna eskatu du, «behintzat bera eta gaixo dauden gainontzeko presoak gertura ditzatela».

«Zakurren moduan tratatzen dituzte. Murtzian 40 gradutara daude eta aldi bakoitzean onkologo desberdin batek artatzen du», esan du. Bikotekidearen arabera, minbizia birsortu zaiola esan diote berriki eta «orain zain dago ea datorren astean onkologoarengana eraman eta zehazki zer daukan esaten dioten».

«Bete dezatela beraien legea eta errespeta ditzatela presoen eskubideak», esan du Graciak.

Elkartasun ilara Bilbon

Bilbon, bestalde, elkartasun ilara osatu dute gaur eguerdian. Ilaran 80 pertsonak parte hartu dute eta Santiagotik abiatu da, 12:30ean, Alde Zaharreko kaleak zeharkatuz, ‘Elkartasuna indartuz’ lelopean.

Mobilizazioaren bitartez, euskal presoek orokorrean eta modu zehatzean Alde Zaharrekoek pairatzen duten sakabanaketa eta eskubide-urraketa salatu dute.