Euriteek uholde larriak eragin dituzte Ipar Euskal Herrian eta Baztanen

Euriteek arazo larriak eragin dituzte Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan eta Nafarroan, batik bat Baztanen. Ibaiek gainezka egin dute eta leku askotan kaosa eragin dute. Arhantsusin 84 urteko gizonezko bat hil da autoa gidatzen ari zela zubi bat behera erori denean. Urak errepideak, etxeak, sotoak, baratzeak, lantegiak eta dendak hartu ditu eta kalte handiak eragin ditu. Hainbat lagun erreskatatu behar izan dituzte. Arratsaldean garbiketa lanei ekin diete.

Naiz|Baiona|2014/07/04 09:48
Uztaritze_orokorra
Uztaritzen hartutako irudia. (Nicolas MOLLO/AFP)

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan eta Nafarroako iparraldean, batik bat Baztanen, larrialdi egoera indarrean jarri dute azken orduetan botatako euriteek. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean kaos egoera izan da nagusi, eta Baztanen, batez ere Elizondon eta Erratzun, egoera oso antzekoa izan da. Eguerditik aurrera atertu du eta pixkanaka ibaiek behera egin dute, eta garbiketa lanei ekin diete kaltetutako herrietan.

Errobi, Uhaitzandi eta Baztan ibaiek gainezka egin dute eta horren ondorioz hainbat errepide moztuta geratu dira; etxe, soto eta garaje ugari urpean geratu dira eta denda, lantegi eta bestelako lokaletara ere sartu da. Baratzeak ere urez bete dira eta kalteak oso handiak izan dira.

Baztanen, kalte larrienak Elizondon izan dira baina Beartzun, Gartzain, Erratzu, Arizkun eta Donezteben ere uholdeak izan dira.

Etxebizitza asko urak hartuta geratu dira eta auto ugari ere urak eraman ditu. Alerta egoera gorena ezarri du Nafarroako Gobernuak. Javier Morras Barne sailburuak azaldu duenez, 5.50 eta 6.50 artean izan den «aparteko erauntsiak» eragin ditu uholdeak. Gorramendiko estazioan metro karratuko 107 litro utzi ditu.

Baztan ibaiak goizaldean egin du gainezka. Goizeko 9.50ean 4 metroko altuera hartu du eta 1980an Oharrizko estazioa abian jarri zenetik marka gainditu du, 2009 eta 2011ko uholdeetan hartu zuen altuera gaindituz.

Egoerarik larriena Elizondon izan dute. Ibaiak ia herri osoa hartu du; etxebizitza ugari, baita Udaletxea ere, urak hartu ditu eta auto asko eraman ditu. Elbeteko zubia moztu egin behar izan dute.

Javier Morrasek azaldu duenez, guztira zazpi pertsona erreskatatu behar izan dituzte Baztanen. Horietatik lau Elizondoko igerilekuetatik atera dituzte, haietako bat txalupa batekin, eta beste bat zahar etxe bateko sotoan harrapatuta geratu den langile bat.

Gainera, baserri batean senar-emazte bikote bat eta haien haurra inkomunikatuta geratu dira, urik eta jakirik gabe.

Elizondoko liburutegia eta anbulategia hutsarazi dituzte. Osasun zentroa erabilezin geratu da eta osasun zerbitzuak Iruritara eraman dituzte.

Donezteben, berriz, industriagunea ere hutsarazi egin dute, baina ez uholdeengatik, baizik eta euriteek hoditeriak hautsi dituztelako. Arizkunen, udako kanpaleku batean zeuden gazteek alde egin behar izan dute.

Lekarozen ere etxe bat hartu du urak eta bertan bizi zen pertsona atera egin behar izan dute.

Yolanda Barcina Gobernuburua eta Carmen Alba Gobernu espainolaren ordezkaria Baztanen izan dira, kalteen berri zuzenean izateko.

Errepideak moztuta Nafarroan

Bost errepide moztuta geratu dira uholdeen eraginez: NA-4404  eta NA-4403, Iruritan; NA-2600 Erratzun, 2. kilometroan; NA-2330, Urrotzen; NA-3042, Cascanten; eta NA-8715, Andosillan. Arratsaldean saihesbideak ireki dituzte.

 

Hildako bat Nafarroa Beherean

Ipar Euskal Herrian ere euriteak arazo larriak eragin ditu. Prefekturak alerta laranja ezarri du eta operazio berezia jarri du abian uholde egoerari aurre egiteko. 13.00etan altxa du alerta egoera. 15 errepide nagusi itxiak izan dira urarengatik eta luiziengatik, eta 4.000 etxe argindarrik gabe geratu dira unerik kritikoenean. Suhiltzaileek 451 laguntza dei jaso dituzte eta salbamenduak 14.00etan bukatu dira. Helikopteroz egindako 30 salbamendu izan dira. 200 suhiltzaile baino gehiago aritu dira lanean, horietatik asko Landetatik etorritakoak, beste ehun militarrekin batera.

Euri erauntsiak gaueko 5.00ak aldera hasi dira eta goizean zehar segitu dute. 95 mm neurtu dituzte Baigorrin, 90 Buztintzen, 73mm Larrainen, 60 Maulen eta 50 Urepelen, Kazeta.eus-ek dioenez.

Nafarroa Beherean Donibane Garazi, Baigorri eta Donapaleu arteko ingurua izan da ukituena. Iholdin Landibarreko zubia erori da, Donapaleura doan bide nagusia, hain zuzen ere. Errobi eta Uhaitzandi eta haien ibaiadarrak atera dira.

Arhantsusin 84 urteko Izurako gizonezko bat hil da. Antza, autoan zihoala zeharkatzen ari zen zubia behera erori da, prefeturak baieztatu duenez.

Urak eramanda edo itota, bestalde, Michel Aguergarayek 400 ardiko taldea galdu du Donaixti-Ibarren. Donapaleu eta Zuberoan aldean ere aipatu dira antzeko galerak.

Donapauleuko igerilekua guztiz suntsitua geratu da. Donibane Garaziko hiltegian urak hiru metroko altuera hartu du eta 50 ardi inguru hil dira.

Lapurdin Itsasu, Kanbo, Uztaritze eta Ezpeletan izan dira arazo larrienak. Telefono lineak eta elektrizitatea moztuak izan dira toki anitzetan. Kanbo Behereko biztanleek etxeen gainaldeetara igo edo etxeetatik atera behar izan dute. Itsasun ere ura etxeetara sartu da. Uztaritzen estreinatzekoa zen errugbi zelai berria hondatu egin da. Baionan, Errobi ibaia ateratzeko puntuan izan da, baina azkenean urak ez ditu Baiona Ttipiko karrikak hartu.

Gure Irratia eta Xiberuko Botza seinalerik gabe geratu dira eta ezin dute irratsaiorik eskaini.

Zuberoan, Maule, Gotaine, Barkoze, Xarrikotapea, Sohüta eta beste herri askotan arazoak izan dira. Luizi batengatik Maulen zazpi etxe erortzeko arriskuan dira eta 15 pertsona atera dituzte beren etxeetatik. Mauleko kanpina hutsarazi egin dute, baita Baigorrikoa ere, Nafarroa Beherean.



Laguntza bilkura


Baiona Euskal Herria Komertzio eta Industria Ganbarak uholdeekin arazoak izan dituzten enpresei zuzendutako bilkura bat antolatu du datorren astelehenan Donapaleuko herriko etxean 15:30ean. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK