NAIZ
BAIONA

Ziburuko ikastola egungo lekutik kanporatzeko bide judizial berria abiatu du auzapezak

Ziburuko auzapezak, Guy Poulouk, ikastola dagoen lekutik kanporatzeko bide berria abiatu du. Pauen, Auzitegi Administratiboan izango da auzibide berria Euskal Irratiek azaldu dutenez. Ikastolako arduradunek ikasturte hasiera Ziburun eta egungo lekuan egingo dela ziurtatu dute.

Ziburuko ikastolako gurasoen elkarretaratzea pasa den astean. (Sylvain SENCRISTO)
Ziburuko ikastolako gurasoen elkarretaratzea pasa den astean. (Sylvain SENCRISTO)

Berriz ere epaitegietara jo du Guy Poulou Ziburuko alkate eskuindarrak ikastola egungo lurretatik kanporatu asmoz. Euskal Irratiek hedatu dutenaren arabera Pauen, Auzitegi Administratiboan ezarri du oraingoan planta, aurreko aldian Baionako auzitegiak bere eskakizunei muzin egin ostean.

Erabakia heldu bitartean, ordea, ikasturte hasiera iritsiko da eta Laida Mujika Kaskarotenia ikastolako guraso eta arduradunak abiatze hori egungo eremuan izango dela ziurtatu du.

Udala ika mikan sartu da ikastolarekin egun duen lur eremuaren bueltan. Udalak berak utzi zion orubea ikastola berria abiatzeko, orain uzte kontratua uztailean amaitu zela argudiatuta bertatik kanporatu nahi ditu Poulouk. Ikastolako arduradunek mobilizazio ugari egin dituzte alternatibarik eskaini ezean kanporatzerik ezin dela egin salatuz eta Udalari ikastola herri intereseko ekimen gisa babes dezala galdeginez.