Urriaren 13ra atzeratu da Ondarroako herri harresian parte hartu zutenen aurkako epaiketa

2013ko maiatzean Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditen saiatzeko Ondarroan egin zen herri harresian parte hartu zuten bost lagunen aurkako epaiketa urriaren 13ra atzeratu da. Eleak mugimenduak haien aldeko elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegiaren atarian.

NAIZ|BILBO|2014/09/24|0 iruzkin
Bilbo
Epaitegi atarian elkarretaratzea egin dute. (ARGAZKI PRESS)

Lau auzipetuei «agintearen aurkako atentatua» egitea egozten zaie eta bina urteko espetxe zigorra eskatu dute beraientzat. Bosgarren lagunari ordena publikoaren aurkako falta leporatzen diote.

Orotara, 8.850 euro ere eskatzen dizkiete isun eta ertzainentzako kalte-ordainengatik. Bostek ukatu egin dituzte akusazioak. Epaiketa urriaren 13ra atzeratu da.

2013ko maiatzaren 15ean, bitarteko ugari erabilita, Ertzaintzak indarrez desegin zuen Urtza Alkortaren atxiloketa eta espetxeratzea ekiditeko Ondarroan eraikitako herri harresia.

Elkarretaratzea

Eleak mugimenduak deituta, hamarka lagunek elkartasuna adierazi diete auziperatuei ‘Epaiketa politikorik ez! Gora herri harresiak!’ lelopean elkarretaratzea eginda.

Txerra Bolinaga bozeramaleak gogoratu du egun hartan «ertzainak izan zirela indarkeria erakutsi zuten bakarrak eta hori hainbat grabaziotan» bildu zela, Uriola.info agerkari digitalak berri eman duenez. «Jendea modu baketsuan joan zen Urtza babestera», gaineratu du.

Era berean, Lakuako Gobernua eta Ertzaintza gaurko epaiketaren eta halako beste prozesu batzuen erantzule egin ditu. «Horrelako lege bidegabeak arbuiatzen dituztela diote, baina legeak aplikatzeko beharra dagoela. Hauek haiek sortutako prozesuak dira, ez da Madrildik datorren zerbait», salatu du.

Loiolako herri harresiaren ondorioz bi lagunen aurkako salaketa dagoela eta Urtzi eta Telle grebalarien kasuak ere gogora ekarri ditu.