Gobernu espainolaren erabakiari Euskal Herritik «erantzun irmoa» emateko deia egin du Amaiurrek

Amaiurren iritziz, Gobernu espainolak Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9ko galdeketaren dekretua errekurritu izana «demokraziaren kontrako eraso zuzena» da. Euskal Herritik erantzun «irmo eta iraunkorra» emateko deia egin du, Euskal Herria «erabakitze subjektu politiko gisa aldarrikatuz».

NAIZ|DONOSTIA|2014/09/29

Amaiurrek babesa eta elkartasuna adierazi dio Kataluniako herriari, Gobernu espainolak Kontsulten Legearen eta azaroaren 9ko galdeketaren dekretuaren aurka helegiteak jartzea erabaki duela-eta. Xabier Mikel Errekondo diputatuak presazko agerraldia egin du, koalizioaren irakurketa plazaratzeko.

Koalizio abertzalearen ustez, PPren Gobernuaren erabakiak «argi eta garbi» erakusten du «Estatua ez dela gai auzi politiko bat elkarrizketaren eta akordioaren bitartez bideratzeko». «Demokraziaren kontrako eraso zuzena da», salatu du.

Ohar batean nabarmendu duenez, «Madrilek ez du ez borondaterik ez gaitasunik gure herriarentzat etorkizun duin bat, herritarren borondatearen gainean eraikitako etorkizun bat eskatzen dugunoi alternatibarik eskaintzeko». Izan ere, Estatu espainolak «frankismoarekiko loturak ez ditu hautsi» eta bere jarrera «lehengo berbera da: ukatzea eta bere proiektua inposatzea, ‘Espainia Handi eta Librea’ elikatzen duen guztia galaraztea».

Amaiurren aburuz, Espainiako legediak «ez du inolako legitimitaterik, herrien eta herritarren borondatea lurperatzera bideratuta baitago».

Horregatik Euskal Herritik «erantzun irmo eta iraunkorra» artikulatu beharra dagoela uste du, «gehiengo sozial eta politikotik, Euskal Herria erabakitze subjektu politiko gisa aldarrikatuz. Horixe da burujabetzarako euskal bidea».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK