NAIZ
BILBO

‘Revolta’ doinuak dakartza Itziarren Semeak taldearen laugarren lanak

Itziarren Semeak talde bizkaitarrak ‘Revolta’ aurkeztu du, bere laugarren diskoa. Ohiko ska eta punk erritmoei Europa ekialdeko eta Mediterraneoko doinuak gehiatu nahi izan dizkio taldeak hamaika kantuz osatutako lan berri honetan.

‘Revolta’ diskoa Bilbon aurkeztu du Itziarren Semeak taldeak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
‘Revolta’ diskoa Bilbon aurkeztu du Itziarren Semeak taldeak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

«Orain arte egindako diskorik landuena» da Itziarren Semeak taldearen lan berria, ‘Revolta’ izenburua duena eta Bilbon aurkeztu dutena. Taldearen ibilbidean «mugarri» izan nahi duela ere azaldu dute taldekideek.

2010etik hasita urtero lan bat kaleratu du talde bizkaitarrak (‘Bizkaiko golfoak’ 2011n, ‘Dale Candela’, 2012an), baina oraingoan urtebete eman dute lokalean, prestaketa lanetan.

Grabazioaz eta nahasketaz Kaki Arkarazo arduratu da eta horrek «kolore eta ukitu berezia» eman die abestiei.

Azaldu dutenez, ohiko ska eta punk erritmoei euskal doinu tradizionalak zein Europa ekialdeko edo Mediterraneoko doinuak gaineratu dizkiote. Diskoaren izenean bertan, gainera, Kataluniari egin diote keinu, Lluis Llachen ‘Revolta permanent’ gogora ekarriz.

Evaristo, Skakeitan taldeko Olatz Salvador, Glaukomako Juantxo Arakama edo La Jodederako Mandyren parte hartzea izan dute diskoko abesti desberdinetan.

Azaroan Argentinara eta Txilera bidaia egingo dute eta bertan zenbait kontzertu eskainiko dituzte.