naiz
donostia

Cano, Juaristi, Gabilondo eta Gurrutxaga ere Euskadi Sarien irabazleen zerrendan dira

Euskadi Sarietan ezagutzera emateke zeuden irabazleen zerrenda jakinarazi dute gaur. Harkaitz Cano Haur eta Gazte Literaturan saritu dute; Saiakeran, Joseba Gabilondo eta Jon Juaristi; eta Ilustrazioan, Maite Gurrutxaga.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristirekin batera. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Maite Gurrutxaga eta Jon Juaristirekin batera. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Narratiba eta itzulpen arloetan hautatutako lan onenen izenak ezagutzera eman ondoren (Bernardo Atxaga, Idoia Estornes eta Iñigo Roque izan dira aurtengo sarituak), Euskadi Literatur sarietan Haur eta Gazte Literatura, Saiakera eta Ilustrazio alorretakoak jakinarazi dituzte gaur.

Euskarazko Saiakeran, Joseba Gabilondoren ‘New York-Martutene’ izan da hautatua, gaztelaniazkoan Jon Juaristiren ‘Es preciosa y triste’ hatutatu duten bitartean.

Harkaitz Cano lasartearra berriro saritu dute Euskadi Sarietan, hirugarrena bere ibilbidean (‘Belarraren ahoa’ eta ‘Twist’). Kasu honetan, Haur eta Gazte Literaturan gailendu da, ‘Orkestra lurtarra’rekin.

Ilustrazioan, bere aldetik, Maite Gurrutxaga saritu dute, ‘Habiak’ lanagatik.