Dolores Redondok amaiera eman dio bere trilogiari ‘Eskaintza ekaitzari’ eleberriarekin

Orain egun gutxi gaztelerazko bertsioa kaleratu zuen idazleak, Baztango lurretan oinarritutako trilogiaren azkena. Euskarazko itzulpena kaleratu du orain Erein argitaletxeak.

@arianekamio|Donostia|2014/12/02 13:15
Dolores_redondo
Dolores Redondo, ‘Eskaintza ekaitzari’ bere azken lanarekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Baztan, krimenak eta Amaia Salazar eta bere familia. Hiru habe berberekin gorpuztu du Dolores Redondo idazleak bere trilogiaren azken lana, ‘Eskaintza ekaitzari’, Erein argitaletxeak euskaratu berri duena.

Trilogia ez du erabat ixten idazle irundarrak, baina biribiltasuna ematen dio. Kasu honetan, Baztanen hildako neskatiko txiki baten krimena du ardatz eta hari horretatik tiraka amaitzen du Redondok arrakasta literariora eman duen trilogiaren azken muturra.

Benetan gertatutako istorio batean oinarritu da gainera. Orain 30 urte, Lesakako baserri batean sekta bateko kideek Ainara izeneko 14 hilabeteko haurra hil zuten, beraien uste eta sineskerien erritual batean. Oraindik kasua argitzeke dagoela adierazi du Redondok berak, eta laster izan daitezkeen auziaren inguruko berri gehiago.

Azken eleberria idazten hasi zenean irakurri zuen egunkarietan aferaren inguruko albistea. Ezusteko itzela izan zela aitortu du, gai horren inguruan idaztea baitzuen helburu.

Mitologia ere beste ardatzetako bat da, gainontzeko liburuetan bezala. Kasu honetan, baina, Ingumaren pertsonaia baliatu du. Antza, Baztanen haurrak hiltzen zituen deabru gisa ikusten zuten pertsonaia hura. Lo ziren haurren gainean jarri eta ito egiten ei zituen, hilketa misteriotsuak sortuaz.

Redondoren azken lanaren itzulpena Fernando Rey eta Mikel Vilchesek egin dute.