@gara_miantzi
DONOSTIA

Puntako zientzialariak eta ikasleak, berdinetik berdinera solasean

«Zuek bezalako pertsona bat naiz». Elena Cattaneo Milaneko biologoaren lehenengo hitzek primeran definitzen dute gaur goizean Donostiako Eureka! Zientzia Museoan egindako goi mailako zientzialarien eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen arteko topaketaren izaera.

200 ikasle inguruk parte hartu dute Donostiako topaketan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
200 ikasle inguruk parte hartu dute Donostiako topaketan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Biziarteko senatari izendatu dute Cattaneo Italian meritu zientifiko eta sozialengatik. Ibilbide profesional ikusgarria ari da osatzen eta, halere, edo agian horregatik, hagitz hurbila eta lurtarra da. Izugarri atsegin du ikasleekin solas egitea eta nabari da hori. Gauza bera erran daiteke Albert Fert Fisikako Nobel saridunaz. Gazteen galderei erantzun eta eurekin nahasi dira biak, zientziarekiko sentitzen duten grina transmititu nahian.

Zientziaren garrantzia eta edertasuna hedatzea da Donostia International Physics Center-ek (DIPC) EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barrenean (Euskampus) antolatutako ekimenaren xedea; gazteei ikerketaren zaletasuna sustatzea eta, lana eginez eta ilusioz jardunez, eurek ere puntako ikerlariak izan daitezkeela erakustea. Elena Cattaneo eta Albert Fert bezalakoak. Lehenak Italiar Errepublikako Zientzia Saria eskuratu du Medikuntzan, baita Urrezko Domina ere. Bigarrenak, Fisikako Nobel saria lortu du magnetoerresistentzia erraldoiak burdin eta kromozko multigeruzetan duen eragina aurkitzeagatik.

Donostiako Eureka! Zientzia Museoko topaketa ikusita, seguru han bildutako ia 200 ikasleetatik zientzialari abilen bat ateratzen dela. Izan ere, interes handiz eta gustura parte hartu dute DBHko eta Batxilergoko 48 ikastetxetako gazteek (horietatik gehienak, 42, Gipuzkoakoak dira eta hiruna hurbildu dira Araba eta Bizkaitik). Areto handi batean sartu eta aldez aurretik landutako galderak luzatu dizkiote zientzialariei, pertsonalak, zientziarekin zuzenki lotutakoak zein orokorrak. Ideia ugari atera dira eta kafe orduan profesional eta ikasleak nahasi eta konfiantza handitu ahala, animatzen eta berotzen joan da saioa, umore zipriztinez ere bustiz. Nobel sariduna in fraganti harrapatuz ere bai, galderaren bati zer erantzun ez zekiela, zientzialariak benetan pertsona normal-normalak direla agerian utziz.

Zelula amen biologia ikertzen dabilen Cattaneok adierazi du desertua dela zientziaren irudi onena. «Grinak desertura garamatza, eta bertan, bi aukera ditugu: lasterka ihes egin ala gelditu». Azaldu duenez, kideekin gaude, ikerketa talde lana baita. Baina ausardia behar da, norabide bat hartu inork ibili ez duena. Aitortu duenez, porrot ugari izaten dute lanean, baina hurrengo egunean berriro joaten dira laborategira ideia berri batekin. Porrotez hitz egiten die ikasleei, beretzat seinale ona direlako, hor egon den eta saiatu den seinale. «Ez baduzu porrotik, ez diozu zure buruari gehiegi eskatzen».

Zientziari esker, jendearen bizitza hobetzen dela nabarmendu du italiarrak, eta bat etorri da fisikari eta matematikari frantsesa. «Hagitz egokia da gizakiaren oinazea arintzeko», azaldu du honek, eta zientzian sartu aitzinetik uste zuenaren kontra, «lan guztiz kreatiboa» dela baieztatu du. «Norbere buruan soilik zegoena besteentzako tresna bilakatzea» motibazioa da Fertentzat. «Ikerketak ateak irekitzen ditu, deskubritzera eramaten gaitu, benetan ederra eta esker onekoa da».

Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea aritu da moderatzaile eta «giza abentura» gisa definitu du zientzia bukaeran egin duen laburpenean. Erran duenez, ongi egiten ikas daiteke soilik ongi egiten dakien jendearen ondoan arituta. «Etorkizuna zuek egiten duzue», ohartarazi die ikasleei.