NAIZ
IRUÑEA

Bi auzipeturen etxeak lotu dituzte giza kateaz Iruñean epaiketen aurka

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa amaitu berritan, auzipetuen herrietan hauen askatasuna eskatzeko mobilizazioak eta adierazpenak izaten ari dira. Iruñeko Donibane auzoan giza kate jendetsua egin dute Garazi Autor eta Egoi Irisarriren defentsan eta bien etxeak lotu dituzte.

Bi auzipetuen etxeak lotu dituzte giza katearekin. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Bi auzipetuen etxeak lotu dituzte giza katearekin. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Amaitu da Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazte independentisten aurka irailean hasi zen epaiketa, 12ri akusazioa kendu die fiskalak eta 16 dira orain ebazpenaren zain direnak, 6na urteko espetxe zigorra eskatu dute eurentzat. Auzipetuak euren herrietara itzultzearekin bat hainbat babes ekimen antolatu dituzte guztien absoluzioa eskatzeko.

Iruñeko Donibane auzokoak dira Garazi Autor eta Egoi Irisarri eta bien eta gainontzeko auzipetuen askatasuna eskatzeko giza kate jendetsua egin dute eguerdian. Soinean zapi eta kamiseta laranjak jarrita egin dute giza katea auzoko kaleetan zehar, eta bi auzipetuen etxeak lotu dituzte.

Goizean epaiketa politikoak eteteko eskaria Itzubaltzetan entzun da, Imanol Beristain auzipetuaren herrian.