Nagore BELASTEGI

Sare: «Dispertsioarekin orain amaitu beharra dago»

Milaka euskal herritarrek giza eskubideen urraketaren aurrean erantzutea zuen helburu Bilboko mobilizazioak eta 80.000 pertsonen partaidetzak erakutsi zuen gizarteak erantzun duela. Sare herritarrak balorazio baikorra egin du, batez ere ideologia ezberdinetako pertsonak bildu zirelako.

Agerraldi jendetsua egin du Sare ekimenak Bilbon eguerdian. (ARGAZKI PRESS)
Agerraldi jendetsua egin du Sare ekimenak Bilbon eguerdian. (ARGAZKI PRESS)

Arantxa Aldezabal eta Joseba Azkarraga sarekideek egin dute larunbateko mobilizazioaren inguruko balorazioa eguerdian Bilboko udaletxearen aurrean. Aipatu dutenez, Sare pozik dago zuen helburua aise lortu delako. «Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen urraketen aurrean milaka euskal herritarren konpromezuaren adierazpen bateratu bat azaltzea zen helburua eta bete egin zela esan beharra dugu», esan dute.

Horregatik balorazio positiboa egin dute, ideologia ezberdinetako 80.000 pertsonek ildo berari heldu ziotelako. «Sare ez da alderdi politikoen arteko eztabaidan sartuko, haien iritziak errespetatzen ditugu. Baina bai nahi dugu giza eskubideak beraien arteko borrokarako gaia izan beharrean, adostasun batetara iristea», azpimarratu dute.

Atzo jendeak argi utzi zuen «dispertsioarekin orain amaitu beharra» dagoela, eta Sarek badaki norabide horretarako «bidea malkartsua» izango dela. Hala ere, erronka hori hartuko dute eta «konfrontazioa, enfrentamendua eta sufrimendua betikotu» nahi dutenei aurre egingo diete elkarbizitza eraikitzeko nabarmendu dute.