Pasolini Roma erakusketa, ekainaren 20tik urriaren 4ra, San Telmo museoan ikusgai

Pier Paolo Pasoliniren bizitza eta sormena biltzen dituen Pasolini Roma erakusketa egongo da ikusgai bihartik aurrera Donostiako San Telmo museoan. Urriaren 4ra arte luzatuko da eta bertan poesia, politika, konpromiso zibila, sexua, maitasuna, adiskidetasuna edo zinema jorratzen ditu. 

NAIZ|DONOSTIA|2015/06/19 17:55
P1010945
San Telmo museoan aurkeztu dute erakusketa. (DONOSTIA KULTURA)

Pasolini Roma erakusketa ekainaren 20tik urriaren 4ra izango da ikusgai Donostiako San Telmo museoan. Pier Paolo Pasolini idazle eta zinegile italiarrak Erromarekin zuen harremana dakar lanak. Honela, poesia, politika, konpromiso zibila, sexua, maitasuna, adiskidetasuna edo zinema jorratzen ditu.  

Erakusketa Pier Paolo Pasoliniren bizitzaren eta sormenaren inguruko sei eremu kronologikoetan egituratzen da. 1950eko urtarrilaren 28an Erromara iristen denetik eta 1975eko azaroaren 2an, Ostiatik gertu, bere gorpuaren aurkikuntzen duten arte.

Erromarekin topo egitea Pasolinirentzat «amodio istorio» bilakatu zen, bere desengainuekin, maitasun eta gorroto sentipenekin, erakarpen eta arbuio faseekin eta joan etorriekin.

Bere idatziek eta filmek hiriaren imajinario berri bat sortu zuten. Erakusketak, ikusgai izan den egoitza bakoitzean inguruarekin lotura bat bilatu du. Horrela, Bartzelonan, garaiko kataluniar intelektualekin izandako harremana nabarmentzen zen, hizkuntzarekiko interesa eta poeta katalanen antologia baten itzulpena, objektu ezberdinen bitartez.

San Telmoren kasuan, Pasoliniren izaera kritikoa eta azaltzen duten objektuak bildu dira. Alde batetik, Piero Salvik egindako argazkiak daude, Pasolini Burgosko Auziaren aurkako manifestaldian azaltzen dutena. Bestetik, Zinemaldiak 1977an Pasoliniri buruz egindako atzerabegirakoaren inguruko publikazioa dago.