NAIZ
ORTZAIZE

Ortzaizeko atxiloketak gaitzetsi dituzte alderdi eta eragileek

Amaiur, EH Bai, Sortu eta Aralarrek gogor gaitzetsi dituzte Ortzaizen Polizia frantsesak burutu dituen atxiloketak. Anai Artea elkarteak ere bat egin du salaketarekin.

Herritarrak, Ortzaizeko operazioaren aurka protestan. (Bob EDME)
Herritarrak, Ortzaizeko operazioaren aurka protestan. (Bob EDME)

Madrilgo Diputatuen Kongresuan eginiko adierazpenetan, Amaiur koalizioko Xabier Mikel Errekondo diputatuak «arduragabe» jo ditu Nafarroa Beherean izan diren atxiloketak.

Errekondok esan duenez, «Rajoyren Gobernuak Kolonbiako bake prozesuan izaten ari den jarrera bera erakutsiko balu euskal gatazkaren konponbiderako prozesuan, une honetan, askoz ere aurreratuago geundeke».

EH Baik ere «haserrearekin» hartu du polizia operazioa. «Gogorki» salatu du jazotakoa Anita Lopepek,«beste behin ere frantses Estatuak bakearen aldeko urratsak saboteatzeko entseguak» egiten dituela adierazita.

Atxiloketak Euskal Herrian abian den bake prozesua zapuzteko Madril eta Parisko Gobernuek daukaten desioarekin lotu du Aralarreko idazkari nagusi den Rebeka Uberak.

«ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betirako amaitutzat eman zuela iragarri zuenetik, Espainiako eta Frantziako estatuak, batez ere Espainiak, prozesua lehertzen ahalegindu dira. Baina ez dira konturatzen ETAk hartutako erabakiak ez duela atzera bueltarik eta aldebakarrekoa dela», nabarmendu du Uberak.

Sortuko eledun Pernando Barrena ere ildo beretik mintzatu da eta Ortzaizeko operazioak «bake eta konponbide prozesua oztopatzea» helburu duela salatu du. Atxilotuei babesa ematera joan direnen aurka Poliziak izan duen jarrera «basati eta bortitza» gaitzetsi du.

Era berean, Donibane Lohizuneko Anai Artea elkarteak Madrilgo Gobernuak Guardia Zibila Ortzaizera bidali izana «jasanezina» dela adierazi du, Jendarmeekin batera burutu baitzuten operazioa. Atxilotuak askatzeko eta bakearen bidean urratsak emateko deia egin dute.