NAIZ
IRUÑEA

Iruñeak ozen eta argi egin du eraso sexisten aurka

Iruindarrek geldiune bat egin dute sanfeminetako jaietan ostegun gauean 19 urteko neska gazte batek pairatutako eraso sexista salatzeko. Milaka pertsonek bete egin dute Udaletxe enparantza sexu eraso hauek ekiditea eta borroka feminista aldarrikatuz.

Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo eraso sexistei aurre egiteko. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo eraso sexistei aurre egiteko. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Milaka lagun bildu dira Iruñeko udaletxe plazan eraso sexisten aurkako jarrera erakusteko. Jaietan aldarrikapena ere beharrezkoa dela erakutsiz, txiki geratu da nafar hiriburuko erdigunea. Ostegun gauean 19 urteko neska batek taberna batean pairatu zuen eraso sexista gaitzetsi eta bai jaietan bai jaietatik kanpo ere jokabide sexistak ez direla onartuak azpimarratu dute.

«Eraso sexistei ez» lemapean, Gora Iruñeak eta Biolentzia sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak deitu dute elkarretaratzea. Milaka hiritarrez gain, udaletxeko hainbat zinegotzi bertan izan dira, «aski da» lema idatzita zeukaten kartelak eutsiz.

Jaiak modu parekidean gozatzeko eskubidea aldarrikatu dute eta autodefentsa eta borroka feminista goraipatu.

Protesta honetaz gain, tabernei deia egin zaie gauerdian, protesta moduan, ordu erdiz musikarik jar ez dezaten.