@arianekamio
Donostia

Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’, japonieraz

Sho Hagio eta Hiromi Yoshida euskal hiztun japoniarrek egin dute itzulpena. Jatorrizko testua oinarri hartuta osatu dute lana.

Patxi Baztarrika, Sho Hagio eta Hiromi Yoshida,‘Linguae Vasconum Primitiae’ren japonierazko edizioaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Patxi Baztarrika, Sho Hagio eta Hiromi Yoshida,‘Linguae Vasconum Primitiae’ren japonierazko edizioaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Beste hainbat hizkuntzatara itzulia izan da azken urteetan Benart Etxeparek 1545ean argitaratu zuen ‘Linguae Vasconum Primitiae’ obra klasikoa. Ingelesez, frantsesez, gazteleraz, italieraz, alemanieraz, arabieraz edo errumanieraz aurki daiteke eta orain japonieraz ere badago. Sho Hagio eta Hiromi Yoshida izan dira lana burura eraman dutenak. Japoniarrak dira biak, eta euskaldunak. Euskara Japonian bertan ikasi zuten 80ko hamarkadan eta orduztik jarraia izan da euskararekiko eta euskal kulturarekiko interes akademikoa. Euskal gaien gainean adituak dira biak; Hagiok ikastolen mugimendua hartu zuen ardatz bere lehenengo ikerkuntzan eta Yoshidak Azpeitiko euskalkiaren gainean egin zuen tesia.

Liburua hiru zatitan banatu dute egileek. Lehena, Etxepareren testuaren itzulpena bera (biek egina). Bigarrenik, Hagiok egindako azalpen paratestuala eta, azkenik, Yoshidak ondutako azalpen linguistikoa. Ur Apalategi idazle eta filologo lapurtarrak egin du hitzaurrea.