Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Daniel Landart
Idazlea

"Etxe baten arima, bertan bizi den familiak sortzen du"

"Etxearen" kontzeptua bere osotasunean hartu du Daniel Landartek argitaratu berri duen liburuan. "Etxea eta etxekoak euskal literaturan" obrak Euskal Herriko 62 idazlen bertso, olerki eta antzerki zatiak bildu ditu. "Etxea" etxekoek eta familiak osatzen dutela frogatzen duen argitalpena da.

 

Argitalpenean Landartek 62 idazleren idatziak bildu ditu. ©Isabelle Miquelestorena
Argitalpenean Landartek 62 idazleren idatziak bildu ditu. ©Isabelle Miquelestorena

Zer atzemanen du irakurleak zure obra berrian?

Bilduma bat da. Euskal Kultur Erakundean lan egiten nuelarik askotan aipatzen genuen "etxearen" erranahia, haren garrantzia, eta nihaurek ere bada 30 urte "etxea" aipatzen zuen liburu bat idatzi nuela. Beste idazleek zer dioten gai horretaz jakin nahi izan dut eta gauza biziki interesgarriak aurkitu ditut. Iparraldean horrelako libururik ez baitzenez, idazle andana baten zatiak ezarriz, liburu bat egituratzea erabaki dut. Horren osatzeko 62 idazle hautatu ditut.

Aipatzen duzularik "etxea", zein zentzu bildu nahi izan duzu?

"Etxea" erranahi zabalean hartu dut. Hasieran, "etxea" eraikina bezala, bere itxura, kokapena eta ingurumena islatu nahi nituen. Gero berehala ohartu naiz "etxea" etxekoek edo familia batek egiten dutela. Etxekoek diote etxeari bizia ematen; garrantzitsuena jende horiek dira. Etxe baten arima, bertan bizi den familiak du sortzen. Eñaut Etxamendik oraindik gehiago erraten du, bere ustez emazte bat etxean dagoelarik orduan da "etxea" etxetzen.

62 idazle hautatu dituzu obra osatzeko, erabili dituzun irizpideak zeintzuk dira?

Horrelako libururik ez zenez Ipar Euskal Herrian, lehentasuna eman diet hemengo idazleei. Bizi direnei bai zenduak direnei toki handi bat utzi diet, horregatik 62 idazleetatik 42 Iparraldekoak dira. Ikusiz zenbait idazleren liburuetan ez dudala aurkitu "etxearen" gaia nik nahi nuen bezala, lau idazlei galdetu nien zati berezi bat idatz zezaten.

Orain arte obrak zuk idatzi dituzu, zergatik distantzia hori hartu eta besteen zatiekin bilduma bat osatzea erabaki duzu?

Egia da liburuak idatzi ditudala gai hori aipatuz, baina interesgarria iruditu zait eta lan hori atsegin handiz egin dut. Nahiko nuke jendeak liburua irakur dezan jakiteko euskal literaturan ditugun altxorrak. Aspaldikoa naizenez idazle kasik-kasik gehienak ezagutzeko zortea izan dut eta testu horien bitartez haiekin bat egiteko parada izan dut.

Atseden bat hartzeko eta plazera hartzeko unea iritsi zitzaizun?

Nik plazera hartu dut. Xehetasun anitz ezagutu eta ikasi ditut, gizartearen historia euskal literaturan islatua delako. Idazleek hori kontatzen dute sinpleki, gizartearen tirabira, maitasun eta gorabeherekin.

Etxearen arima hori, zein motako istorioen bitartez kontatua da?

Badira errealitatea kontatzen duten zatiak, baina badira ere "etxe" horretan gertatzen den zerbait alegia bati esker edo fikziozko istorio bat kontatuz azaltzen dutenak. Pasarteak arrunt ezberdinak dira. Gehienak prosaz idatziak dira, gero badira bertsoak, olerkiak, baita antzerki zati bat ere.

62 idazle horietatik, zein da azpimarratuko zenukeen istorioa?

Denek zerbait erraten dute. Dudarik gabe, familia, aitaren beldurra eta agertzen diren amaren alderako amodioak kontatzen dituenak oso bereziak dira. Badira gauza biziki hunkigarriak baina badira ere pasarte etnografiko batzuk, hala nola Barandiaranek idatzitakoak.

Orain arte zure obretan, zure bizipenak eta sentimenduak islatu dituzu. Zure iritziz literaturan "etxearen" eragina zein da?

"Etxeak" izugarriko garrantzia du; "etxearen" pisua nabaritzen da gure gizartean. Ikusi behar da "etxearen" garrantzia zein zen. "Etxeak" xutik egon behar zuen eta osotasunean transmititua izan behar zitzaion ondoko belaunaldiari. Etxe berean hiru belaunaldi bizi ziren, batez ere baserri munduan. Amuriza bertsolaria bere aitaz ari zelarik gauza zoragarriak kontatzen zituen.

Etorkizunerako atsedena hartzeko unea ailegatu zaizu edo idazluma eskutan beste proiektu bati pentsatzen ari zara?

Lan bat aitzina eraman dut eta hori berriz ikusi behar dut: euskal antzerkiaren historia 1945etik 1995a arte. Bada nun zer konta. Jadanik ikerketa lan handi bat egin dut, Herria astekariaren bitartez ikusteko. Hogei urtez gure herrietan zein antzerki emana izan den eta gero 1965etik 1995era buru eta belarri ibili nintzen, beraz ari naiz poliki-poliki. Hemen erraten dugun bezala: "hatsaren gainean".