Robotika izango dute mintzagai Informatikari Euskaldunen Bilkuraren X. edizioan

Etorkizunari aurrea hartu ohi dio UEUk antolatutako bilkura honek, orain arte aurreikusitako gai asko egia bilakatu direlako. Aurten robotikari buruz arituko dira, jada bizitza arrunteko arlo askotan aplikatzen den teknologia baita. Donostian ospatuko dute bilkura azaroaren 12an.

@Nagore belastegi|Donostia|2015/10/28 12:50
Informatikar
Informatikari Euskaldunen Bilkuraren aurkezpena Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

«Lehenengo urtean euskarazko softwarerik ez zegoela esan genuen, eta orain badago. Beste batean .eus domeinuaren sorrera iragarri genuen eta, sei urte geroago, .eus dugu. Orain robotei buruz arituko gara eta, agian, sei urte barru hemendik ikusiko dugu robot bat», aipatu du Iñaki Alegria Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendariak Informatikari Euskaldunen X. Bilkuraren aurkezpenean. Azaldu duenez, gazte asko gerturatu ohi dira jardunaldira, ez euskaraz direlako eta hizkuntzari bultzada bat emateko, baizik eta egun gazteak elebidunak direlako eta gaia interesatzen zaielako. «Sare bat izatea lortu dugu, gauza txukunak egiten ari gara, Wikipedia edo Twitter euskaraz ditugu, baina ez da nahikoa. Gazteak internet bidez komunikatzen dira eta euskaraz dagoena oso gutxi da», azpimarratu du. Adibide gisa, telebista jarri du. «ETB sortu zenean bost kate zeuden, eta bost horietatik bat euskaraz zen. Orain mundu oso bat dago interneten eta horren zati txiki bat besterik ez da euskaraz».

Hori dela eta, bilkura honek informatikaren arloan euskara sustatzea du helburu, bide batez gai interesgarriak proposatuz. «Nik nire ikasleak bilkurara etortzera gonbidatu nituen eta hasieran aurpegi txarra jadi zidaten –‘jai dugun egin batean ere joan behar al dugu?’–, baina zeri buruzkoa den esan nienean, orduan bai pozik joango zirela esan zidaten», aipatu du Edurne Larraza koordinatzaileak. Honen esanetan, robotika uste baino askoz gertuago dugu: etxe-tresnetan, hezkuntzan, medikuntzan...

Olatz Perez de Viñaspre UEUko informatika saileko kideak programaren berri eman du. Donostiako teknologia elkartegiak ateak 8.30etan zabalduko ditu. Ondoren aurkezpena egingo dute eta jarraian gonbidatuen hitzaldiekin hasiko dira. Hiru gai jorratuko dira, robotikaren aldetik, betiere: ikerkuntza, enpresa eta medikuntza. Arratsaldean saio bikoitz paraleloa eskainiko dute; batean ikerkuntza eta hezkuntzari buruz arituko dira eta bestean hezkuntza eta gizarteari buruz. Arratsaldean informatikaren irakaskuntza lehen eta bigarren hezkuntzan eztabaidagai izango dute mahai inguruan.

Aurten hamargarren urteurrena denez, kamiseta bat prestatu dute leloari erreferentzia egiten diona: ‘Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?’. Elastikoak bilkuraren webgunean eskuratu daitezke baina, gainera, azaroaren 2 eta 6 artean galdera hori proposatuko dute Twitterren, eta erantzunen artean elastiko bat zozketatuko dute. Bilkuran izena ematea doakoa da baina derrigorrezkoa. Hori ere webgunearen bidez egin daiteke.