NAIZ
DONOSTIA

Jon Enparantza abokatuaren egoerarengatik kezka adierazi du Donostiako Udalak

EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeen botoekin, Jon Enparantza abokatuaren egoeraren inguruko kezka adierazi du Donostiako Udalak. Isolamendu egoeratik atera dezatela eta bere bizitokitik hurbilen dagoen espetxera hurbiltzeko eskatu dute.

Espetxean eta isolatuta dagoen Jon Enparantza abokatuaren kasua hizpide izan du Donostiako udalbatzak, eta egoera horren aurrean kezka adierazi. EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeen botoekin onartutako mozioak Enparantzaren eskubideak errespeta daitezela eskatu eta bizitokitik gertuen dagoen presondegira eraman dezatela aldarrikatu du.

PSE abstenitu egin da eta eztabaidan ere parte hartu nahi izan ez duen PPk, aldiz, aurkako botoa eman du. PSEk mozioa puntuka bozkatzea nahi zuen, baina EH Bilduk eta Irabazik nahiago izan dute testua bere osotasunean bozka zedila.

Onartutako testuan, 2014ko urtarriletik preso dagoen Jon Enparantzaren egoera larriaren aurrean bere «kezka eta egonezina» adierazi du Udalak, «isolamendu egoeratik atera eta bere eskubideak errespetatuak izango diren egoera berria eskatuz». Bide horretan beharrezko diren neurriak har ditzala eskatu diote epaileari, alegia «salbuespeneko» behin behineko espetxeratze neurria amaitu eta «ahozko ikustaldirako deia egin dezala».

Zigor legeriak hala eskatzen duela gogoratu ondoren, osoko bilkurak konpromisoa hartu du Espetxe Erakundeari Jon Enparantza bere bizitokitik hurbilen dagoen espetxera hurbiltzea eskatzeko, «gaur egungo egoerak zigor erantsia ekar ez diezaion, ez berari ezta bere senideei ere».

Horrez gain, gogoratu dute abokatu donostiarra epaitu gabe dagoela preso eta, hortaz, epaiketa gehiago ez atzerako eskatu du Udalak eta, «hala ez bada, askatzeko eskatuko du».

Haren egoera alda dezatela eskatzeko, Segoviako espetxeko zuzendariarekin jartzeko konpromisoa adierazi du Udalak.

Eneko Goia alkateak gogoratu du Enparantzaren bikoteak, Maider Alustizak, Udaleko Giza Eskubideen batzordean eman zuela abokatuaren egoeraren berri eta, nabarmendu du «nahikoa arrazoi» badagoela esateko haren egoera «ez dela normala eta ez lukeela hala jarraitu beharko».