NAIZ
DONOSTIA

Kortxoeneak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu eta mobilizazioa deitu dute larunbaterako

Groseko Kortxoenea gaztetxearen hutsarazte eta eraistea salatzeko, manifestazio jendetsua egin dute Donostian. Proiektuak aurrera jarraitzen duela aldarrikatzeaz gain, larunbaterako beste mobilizazio baterako deia egin dute.

«Ez gaituzue geldituko. Kortxoenea bizirik» lelopean, jendetza bildu da Donostian, Groseko gaztetxearen hutsaraztea eta eraistea gaitzesteko.

Kortxoeneatik abiatu eta Bulebarrera arteko bidea egin duen manifestazioan, gazteriaren, gaztetxeen edo kulturaren aldeko aldarrikapen oihuak egin dituzte parte hartzaileek.

Donostiako Udaletxean aurrean mobilizazioa bukatuta, ozen aldarrikatu dute Kortxoenea proiektua ez dela eraikinaren eraistearekin bukatu eta aurrera jarraitzeko erabakia agertu dute.

Larunbatean beste manifestazio bat egingo dutela iragarri dute eta, hitzordu hori iritsi bitartean, egunero 17.00etan Katalunia plazan biltzeko deia egin dute.

Beste alde batetik, hutsaraztean zauritutako lagunen argazki eta testigantzak eskatu dituzte (kortxoenea@gmail.com). Bihar, 11.00etan prentsaurrekoa egingo dute.

Manifestazioa bukatuta, Egiako epaitegirako bidea hartu dute, iluntzean aske utzi baitituzte goizean atxilotutako bi lagunak. Jendetza batu da han biei harrera egin eta babesa adierazteko.