NAIZ
BILBO

Hobetzen segitzeko nahia agertu du Durangoko Azokak, aurten 120.000 lagun bildu ondoren

Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokaren 50. edizioaren balorazio positiboa egin du. Azaldu dutenez, egun baten faltan, 120.000tik gora lagun inguratu dira Landako Gunera. Datozen edizioetara begira jarri dira jada, transmisioa xede hartuta.

Durangoko Azokaren 50. edizioaren balorazioa egiteko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokaren 50. edizioaren balorazioa egiteko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Azokaren azken eguna iritsita, baloraziorako ordua da eta helburu horrekin arduradunek agerraldia egin dute Durangoko Landako Gunean.

Gerediaga Elkartetik aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin dute, egun baten faltan 120.000 bisitatik gora jaso baititu Azokak. Webguneak 30.000 bisita jaso ditu.

Emaitzak onak izanagatik, hobetzeko konpromisoari eutsi diote. Erronka transmisioan jarri nahi izan dute eta, hortaz, 51. edizioak «euskal kultura geroratzea» izango du xede.

Arrate Illarok Azokaren baitan jarri diren gune desberdinen balorazio oso positiboa egin du.

Euskal editoreen elkarteko kide Xabier Olarrak harrera ona azpimarratu du eta gaurkoak salmentak borobilduko dituen esperantza agertu.

Izan ere, gogoratu gaur ere 20.30era arte irekita egongo direla Landakoko ateak eta egitarau oparoa dagoela azken egunerako ere.