NAIZ

LOMCEren baitako azterketei planto egiteko deia egin du Hezkuntza Plataformen Topaguneak

EAEn 30 ikastetxetan egitekotan ziren iaz LOMCEren baitako azterketak, horietako 16tan planto egin zuen hezkuntza komunitateak eta ez ziren azterketak burutu. Hezkuntza Plataformen Topaguneak (HPT) aurten ere plantoaren bide berari helduko diola iragarri du. Lakuak kaleratu duen Heziberri dekretua Espainiako legearen «aplikazio hutsa» dela salatu du HPTk eta horregatik 3. eta 6. mailan aurreikusitako azterketei aurre egingo dietela iragarri du.

HPTk Gasteizen goizean egin duen batzarra (Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS)
HPTk Gasteizen goizean egin duen batzarra (Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS)

Gasteizen batzar orokorra egin du Hezkuntza Plataformen Topaguneak (HPT) eta iazko bideari segiz LOMCEren aplikazioari aurre egiteko asmoa agertu dute bertan bildutakoek. Iaz, planto egin zioten 16 ikastetxetan. EAEn 30 eskoletan egin asmo zituzten azterketak eta 14 publikotan eta 2 ikastoletan plantoak azterketak bertan behera uztea eragin zuen. «Lorpen ikaragarria» izan zela adierazi du HPTk eta aurten ere bide beretik ekingo diotela.

Topagune honetan biltzen diren eragileen ustez 3. eta 6. mailako azterketa hauek ez dute hezkuntza komunitatearen babesik eta LOMCEren baitako azterketak dira, «ez dugu LOMCE edota Heziberriren inposiziorik onartuko», adierazi dute ohar bidez. Izan ere, Lakuako Gobernuak argitaratutako Heziberriren dekretua «LOMCEren aplikazio hutsa» dela salatu du beste behin ere. 

Hurrengo aste eta hilabeteetan azterketa horiei aurre egiteko «estrategia herritarra» diseinatu dutela adierazi dute gaurko batzarrean eta interpelazioa Gasteiz eta Iruñeko gobernuei hezkuntza komunitatearen mezua entzun dezaten. «Herri gisa» eta «elkarlanean» «LOMCE lege inposatuari» planto egiteko deia ere egin diete. 

Euskal hezkuntza Espainiako Estatuaren eskutan, ELAren ustez

Ohar bidez antzeko salaketa egin du ELA sindikatuak ere, Heziberri dekretue LOMCEren aplikazioa dela dio, «Espainiako Estatuaren esku uzten du euskal hezkuntza sistemaren kontrola, kurrikuluma, pedagogia eta edukiak», sindikatuaren arabera. Horregatik, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari eta Cristina Uriarte sailburuari hezkuntza komunitatearen eskariei erantzun eta «modu alternatiboan, gure hezkuntza sistema garatzeko urratsak» emateko deia egin die.