@aagirrezabal
IRUÑEA

Aritz Ganboa: «Zer ospatu badago, baina injustizia bat eman da eta ez da erreparatuko»

Iruñeko Kalekalden eraikita zuten Babesgunean jaso dute absoluzioaren berri Askapenako kideek. Albistea ezagutu bezain azkar, besarkadak, irribarreak eta telefono deiak etengabekoak izan dira. Hala ere, Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Ganboak nabarmendu egin dute pairatu duten prozesuaren «injustizioa» eta «erreparaziorik ez duela».

Vazquez, Soto eta Ganboa, absoluzioa ezagutu berritan. (@aagirrezabal)
Vazquez, Soto eta Ganboa, absoluzioa ezagutu berritan. (@aagirrezabal)

Hilabete baterako plangintza osatua zuten, baina ez dute hau bertan behera uzteko inongo arazorik agertu. Espainiar Entzutegi Nazionalak Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin, Aritz Ganboa eta Gabi Basañez absolbitu egin ditu. Ondorengo ekimenak prestatzen ari zirela izan dute honen berri eta hasiera bateko dudei, besarkadek eta irribarrek hartu diote erreleboa baieztapena iritsi bezain laster.

Bertan zeuden Soto, Vazquez eta Ganboaren telefonoak jo eta jo hasi dira eta herritar ugari ere gerturatu da Kalekalden eraikitako Babesgunera. «Poza eta lasaitasuna. Zer ospatu badugu, noski, baina injustizia bat eman da hemen eta hau ez da erreparatuko», adierazi du Ganboak. Zorion ugari jaso ditu arruazuarrak, baina «zorionak guztioi, garaipena denona da», nabarmendu nahi izan du.
Ildo beretik, Vazquezek, jendeak helarazi dien elkartasuna azpimarratu nahi izan du: «Eskerrak guztioi. Gaur ospatzeko gaude, baina euskal herritar ugari daude oraindik epaituak izateko zain, Ez dadila azken absoluzioa izan. Aurrera!».

Berarekin bat etorri da Ganboa, zeinek auzolana aldarrikatu duen epaiketa politiko hauekin amaitzeko. «Militante gehiago izango dira epaituak eta kate hau etetea denon ardura da. Borrokak iraun egin behar du», gehitu du.

Haien absoluzioarekin batera, Askapenaren ilegalizazioa bertan behera geratu da, eta lanarekin jarraituko dute. «Epaia edozein izanda ere, internazionalismoaren lanak aurrera egingo zuen, hau ez dute eteterik, baina Askapenaren ilegalizazioa bertan behera geratzea ere ospatzekoa da».

Askapena eta haiek bosten hemendik aurrerako lana oraindik ezarri gabe dago, hilabete honetako plangintza beste bat zen-eta. «Hipotesi honetan ez genuen sinesten», onartu du Ganboak.