Gotzon ARANBURU
ABALTZISKETA

Lantz, Ituren, Mundaka, Uztaritze, Lesaka... nekazal giroko inauteriak

Nekazal giroko inauteri ezagunenak Lantzekoa, Iturengoa eta Zubietakoa dira Euskal Herrian, baina beste asko badago, hedabideetan arreta gutxiago jasotzen duena.

Arabatik hasita, Zalduondoko ‘Markitosen hilketa’ aipatu behar. Sutan bukatzen du Markitos gizajoak, 1975ean berreskuratu zen inauteri honetan.

Bizkaian Mundakakoa da ikusgarrienetakoa, atorrak deituriko gizonezkoekin. Hauek erabat zuriz jantzita ateratzen dira, eta emakumeak –laminak– beltzez.

Lapurdin ere sutan bukatzen ditu bere egunak Zanpantzarrek, Uztaritzen egiten dioten epaiketaren ondoren. Nafarroan, asteburu osoan ospatu dute inautea Lesakan, lastoz betetako zaku erraldoiak kalean gora eta behera, azkenean lurrean bukatu arte. Astelehenean baserriz baserri dantzan ibiltzen diren goitarren txanda izango da, eta orga erakusketa ederra ere izango dute ikusgai Lesakara hurbiltzen direnek.