Antolakuntza, elikadura eta musikan aldaketak dakartza aurtengo Gazte Danbadak

Berrikuntza ugarirekin dator Laudion martxoaren 25etik 28ra ospatuko den Gazte Danbada. ‘Esna harrapa gaitzala’ lelopean, antolakuntzan, elikadura eta musikaren alorretan aldaketak iragarri dituzte.

NAIZ|LAUDIO|2016/02/18
Gaztedanbada
Laudion aurkeztu dute Gazte Danbada. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gazte Danbadaren xehetasunak eman dituzte Ernaiko eta Aitzinako ordezkariek Laudion egin duten agerraldian. ‘Esna harrapa gaitzala’ lelopean, herri horretan ospatuko da, martxoaren 25etik 28ra.

Aurten hiru aldaketa nagusi izango dira: antolakuntzari dagokionez, berrikuntza nagusia da zaintza talde bat egongo dela, egunero lanean izango diren ehun gazteak zaintzeko. «Elkar zaindu eta errespetatzeko ahalegin berezia egingo dugu», azaldu dute.

Beste berrikuntzetako bat elikadurari dagokiona da. Hala, Danbadan kontsumituko diren produktu guztiak bertako produktuak izango dira, elikadura burujabetzarantz urrats bat egin nahian.

Hirugarren aldaketak musika alorrarekin zerikusia du. ‘Oholtza gainean bakerik ez’ gazte musika taldeen lehiaketa antolatu dute. Guztira 66 taldek parte hartu dute eta 27 izango dira oholtza gainean.

Gazte Danbadaren egitarauan, gainera, hitzaldiak (autogestioa, euskal estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, prekarietatea, komunikazioa, hezkuntza....), tailerrak (zirkua, josten ikastekoa, serigrafia, sendabelarrak, antzerkia, rapa...) eta hainbat kultur ekitaldi izango dira (bertso saioa, ‘Erractus’ saioa, poesia emanaldia, african dance, performanceak...’.

Kontzertuak

Kontzertuei dagokienez, ‘Oholtza gainean bakerik ez’ karpan joko duten taldeez gain, Esne Beltza, Gatibu, Non Servium, Ken Zazpi, Arkada Sozial, Sorkun, Blaka, Norte Apache, Gose, Xutik eta Las Tea Partyren emanaldiak ere izango dira ostiraletik igandera.

Aurreko edizioeetan bezala, nazioarteko ordezkariak (Afrika, Galiza, Katalunia, Aragoi, Gaztela, Norvegia, Grezia, Andaluzia, Irlanda, Brasil...’ Laudion izango dira.

Sarrerak

Gazte Danbadarako sarrerak 30 euroan erosi ahal izango dira otsailaren 28ra arte, hamarnaka erosiz gero.

Otsailaren 29tik aurrera 35 euro kostako da sarrera bakoitza.

Sarrerak aldez aurretik hartuta 15 euro kostako dira eguneko, eta bertan erosiz gero, 18 euro eguneko.

Gaztedanbada16.info webgunean informazio guztia eskuragarri dago.