Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ahozko literaturako azken balada gaur egunera ekarri du Mariasun Landak

Esperimentazioaren bidea urratuta, tradizioa eta modernotasunarekin jolasean aritu da Mariasun Landa eta ahalegin horretatik sortu da ‘Azken balada’. Euskal ahozko literaturan jaso zen azken balada egungo literatura moldeetara ekarrita, bertsio eraberritua proposatu du.

Mariasun Landak Donostian aurkeztu du ‘Azken balada’. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Mariasun Landak Donostian aurkeztu du ‘Azken balada’. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Kontakizun bat eta hiru dira aldi berean Mariasun Landak ‘Azken balada’ gazte literaturako eleberrian proposatu duena. «Hiru istorio gurutzatzen dira, baina narrazioaren bihotz muina bat bakarra da: ‘Oreina bilakatu neska’», azaldu du egileak.

Euskal ahozko literaturan jaso zen azken balada da ‘Oreina bilakatu neska’, Haizea taldeak Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren ahotsean 1978an ‘Ura ixuririk’ abestian bildu zuena.

Balada honetan erritu baten bidez orein bilakatzen den neskatoaren istorioa kontatzen da: txakurrek hozkatu nahi dutela, haren amak neskatoaren anaiari oreina lagun dezan eskatuko dio, baina ehiztariek akabatu eta eltzean egosten ari den artean, sorginkeria bailitzan neskatoa hizketan hasi, amak ezagutu eta azken honek bere buruaz beste egingo du.

«Elipsi askoko kontakizuna da, eta elipsi horien barruan gauza asko gertatzen dira. Lehenengo lana, sekuentzia horiek zehaztea izan zen», azaldu du. Bere lehen asmoa balada horretatik abiatuta narrazio bat idaztea bazen ere, «gai bakarra baina aldagai asko» zituela ikusita, bere bertsioa idaztera deliberatu zen: «Balada errespetatuz, modu narratiboan eman eta nik ere nire baladatxoa idatzi nahi izan dut».

Hala, narrazioaren lehen atalean Maitane neskatoa Donostiako Cristina Enea parkera joan eta, oreinei begira dela, parkezainaren ahotik ezagutuko du istorioa. Bigarrena jatorrizko kontakizunari eskainia dago eta, hirugarrenean, narrazioaren amaiera gustuko ez duela-eta bertsio berritua idatziko du Maitanek. Azken horretan «alderdi magiko, fantasiazko eta zenbaitetan gore horiek desmitologizatzen» ahalegindu dela ziurtatu du Landak eta, horretarako, hirugarren pertsonaia bat ere sortu du, 12-13 urte dituen eta orein bilakatzen den neskatoaren etxaldean bizi den Leo mutikoa. Hura izango da, jada adineko dela, kontakizunaren narratzaile bilakatuko dena.

Esperimentu honen bidez, Landak unibertsitate munduan ikertu den ahozkotasunaren gaia literaturara eraman du. «Ikerketa asko egin dira baina gertatzen dena da agian gaur egun ez dagoela interes handiegirik honekiko, alde horretatik etenaldia eman dela uste dut».