NAIZ
IRUÑEA

30 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu UEUk aurten

‘Anitza’ leloarekin aurten UEUk 30 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu, «pasa den urteko arrakasta errepikatzeko helburuarekin». Iruñeko ikastaroen data aurreratuko dute aurten berritasun gisa, gaur izan den aurkezpenean azaldu dutenez.

ruñean aurkeztu dituzte UEUren ikastaroak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
ruñean aurkeztu dituzte UEUren ikastaroak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

«Aurtengo berrikuntza handiena Iruñean dugu, izan ere, bilgune hori sendotzeko asmoz Iruñeko ikastaroen data aurreratu egin baitugu. Guretzat aldaketa estrategikoa da, izan ere, aldaketa honekin bertako jende gehiago udako ikastaroetara etortzea du helburu. Bestetik saiatu gara nafar gizartearentzat propio interesgarriak diren ikastaroak antolatzen», azaldu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak.

Izan ere, ekainaren 27an Condestable jauregian «40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan» ikastaroa antolatu dute. Hilaren 28an ere ikastaroak izanen dira.

Orotara, Iruñean sei ikastaro eta jardunaldi bat antolatuko dituzte, Eibarren hamaika ikastaro eta jardunaldi bat, Baionan lau ikastaro eta Bidarten jardunaldi bat, Donostian jardunaldi bat eta Bilbon eta Zumaian ikastaro bana.

Ikastaro eta jardunaldiei buruzko informazioa www.ueu.eus helbidean topa daiteke. Matrikula ere egin daiteke bertan.