Euskal herritarren harreman sexual eta afektiboei buruzko ikerketa zabala egin dute

Kaixomaitiak, euskaldunon harremanetarako webguneak, eta Aztiker Soziologia Ikerguneak, euskal herritarren harreman sexual eta afektiboak izan dituzte aztergai ikerketa zabal batean. Jasotako erantzun kopuruarengatik pozik agertu dira.

NAIZ|DONOSTIA|2016/06/09|0 iruzkin
Kaixomaitia
Kaixomaitiak eta Aztikerrek egindako ikerketaren emaitzen aurkezpena. (@Kaixomaitia)

Donostian eginiko agerraldi batean, euskal herritarren harreman sexual eta afektiboei buruz egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu Kaixomaitia.eus-ek, euskaldunon harremanetarako webguneak.

Aztikerrekin elkarlanean, otsailaren 12tik martxoaren 13an egin zuten inkesta, internet bitartez, Hego Euskal Herriko 18 eta 64 urte bitartean euskara menperatzen dutenen artean –zabalagoa egiteko adina datu ez zituzten bildu–.

Galdetegiak 73 galdera zituen, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta frantsesa), bost arlotan banatuta: bizitza afektiboa, internet bidezko harremanak, bizitza sexuala, leialtasuna eta harremanak eta datu pertsonalak. 

Orotara, 2.358 pertsona sartu ziren inkestara eta 1.500 izan ziren galdera guztiak erantzun zituzten lagunak, nahiz eta arrazoi desberdinak medio, ikerketaren hobe beharrez, 200 bat kanpoan utzi dituzten.

Datuen interpretaziorako, aditutzat dituzten elkarte eta norbanakoengana jo dute, «norberak datuen balorazioa bere ikuspegitik egin dezan, fokoak norberak libreki jarriaz garrantzitsua zaion atalean». Bilgune Feministak, Gehituk, Harremanak.eus-ek eta Mikel Otxotorena adituak eman dituzte beren balorazioak txostenaren bukaeran.

Lehen ondorio gisa, sexuaren inguruko gaiek duten interesa azpimarratu du Kaixomaitiak. «Badirudi sexuak baduela kutsu erreibindikatibo bat, pekatuari, moral zorrotzari loturik dagoena praktikatzeak ematen duen askatasun eta iraultza sentsazioa edo», azaldu dute.

Webgunearen arduradunek, inkestaren zabalak datu eta balorazio askotarako aukera ematen dituela aitortura, bi puntu nabarmendu dituzte: alde batetik, bikote harremana «orokorrean barneratuta» dagoela, baina bikote tradizionalaren aurrean (heterosexuala, monogamoa eta itxia) harreman irekiak ere lekua hartzen dutela jendartearen nahietan.

Bestetik, sexuaren inguruko gaiei lotuta, azpimarratu dute esanguratsua dela «adinak aurrera egin ahal zoriontasun mailak behera egiten duela». «Gora egin beharko luke idealki, bizitzak aurrera egin ahala, norberaren ezagutza, maila fisiko nahiz emozionalean, esperientzia edota bikotearen ezagutzak bizitza sexuala hobetzeko arrazoi nahiko beharko lukete izan. Ez da hala gertatzen antza», esan dute. 

GAUR8n erreportajea

Larunbat honetako alean, inkesta honen emaitzei buruzko erreportaje zabala argitaratuko du GAUR8k.

LOTURAK

 

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik. Hauxe lehen saioa.