NAIZ
DONOSTIA

Makina banatzaile batzuek mikroipuinak jarriko dituzte gipuzkoarren eskura

Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Turismo Sailak Kultur Dealers egitasmoa jarri du martxan, herritarrentzako literatur sorkuntzaren eta pentsamenduaren gune bat zabaltzeko helburuarekin. Interesdun guztiek mikroipuinak bidali ahal izango dituzte, eta hautatuak kaleetan eta Gipuzkoako ekipamenduetan egongo diren makina banatzaileetan jarriko dira eskuragai.

Kultur Dealers ekimenaren aurkezpena, Donostian. (GIPUZKOA.EUS)
Kultur Dealers ekimenaren aurkezpena, Donostian. (GIPUZKOA.EUS)

Denis Itxaso Kultura diputatuak Donostian aurkeztu du Kultur Dealers, Andoni Arantzegi Liburu Saltzaileen Elkarteko presidentearekin eta Slawka Grabowska blogari eta literatur inguruko ekimenen antolatzailearekin batera.

Horrela, makina banatzaileen sistema berritzaile baten bidez, urritik abendura, pertsona hautatuek idatzitako mikroipuinak eta egile ezagunen pentsamendu testuak banatuko dira. Gipuzkoako zenbait puntutan jarrita, eta jendea biltzen den lekuetan, makina hauek bi aukera eskainiko dizkiote erabiltzaileari: Fikzioa eta Pentsamendua.

Fikzioari emandako espazioan, Itxasok idaztea gustuko duten guztiak gonbidatu ditu beren mikroipuinekin parte hartzera. Mikroipuinok originalak eta norberak sortuak izan beharko dira, eta edonork parte har dezake testua euskaraz edo gaztelaniaz bidalita www.kulturdealers.com webgunera. Testuek gehienez 2.000 karaktere izango dituzte, espazioak zenbatuta, eta gaia librea izango da.

Halaber, sorkuntza literariorako gune bat izateaz gain, deialdiak irakurketa kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutu eta aitortu nahi du. Horrela, Itxaso eskertu egin du lantegi horiek sorkuntzaren eta irakurketaren alde egiten duten lan handia, eta orobat eskertu dio liburu saltzaileen gremioari proiektu honetan izan duten inplikazioa.

Bestalde, Pentsamendua izeneko aukeraren barruan, makinek jada argitaratuak izan diren testuak bilduko dituzte. Aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofia eta abar izango dira. Liburu saltzaileen gremioak, liburu denden lankidetzarekin, testu horien hautaketa egingo du.

Ideia da, beraz, egile hautatuek, epaimahaikoek eta idazleek sari bat izatea liburu bonu batekin. Bonu horiek proiektuan parte hartzen duten liburu dendetan aldatu ahal izango dira.