NAIZ
BILBO

Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Seguran mediku ez euskaldunak kontratatu dituela salatu dute

Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Segurako udalek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) salatu dute Osakidetzak euskararik ez dakiten medikuak kontratatu dituela aipaturiko udalerrietan osagile euskaldunen ordezkapenak egiteko, «herritarren hizkuntza eskubideak urratuz eta osasun zerbitzuaren kalitatea nabarmen kaltetuz».

Aipatu lau udalek eta UEMAk «desadostasuna» adierazi diote Osakidetzari udalerriotako «osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izan duen eta, ondorioz, herri hauetako biztanle guztioi zuzenean eragin digun erabakiak hartu dituelako».

Zehazki, alde batetik, Azpeitian, bi familia mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko, euskararik ez dakiten bi mediku kontratatu direla salatu dute, eta mediku hauek, gainera, Azpeitian ez ezik, Errezilen eta Urrestillan ere ematen dutela zerbitzua. «Azkenaldian, gainera, ez da Osakidetzak Azpeitian euskaldunon eskubideak urratzen dituen lehen aldia, ekainean, euskararik ez dakien pediatra bat ere kontratatu baitzuen», gaineratu dute.

Beste alde batetik, beste zenbait herritan bezala, Aulestin eta Seguran ere, «lanposturako euskara betekizunak saihestuz», Osakidetzak azken asteetan euskararik ez dakiten kontratatu dituela salatu dute.

Modu honetan, lau udalei eta UEMAri «kezkagarriak» iruditzen zaizkie Osakidetzak hartu dituen erabakiak, eta, Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari «muzin eginda», Osakidetzak Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako herritarron hizkuntza eskubideak urratu dituela nabarmendu dute.

Halaber, salatu dute Osakidetzak ez dituela kontuan herritar euskaldunak, «ezta gure herrietako errealitate soziolinguistikoa ere, inolaz ere», eta gogorarazi dute Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Segura euskararen arnasguneak direla eta bertan «erdara nagusi den eremuak» sortu dituela Osakidetzak, «bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez».

Kalitatea

Gainera, Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Segurako udalek eta UEMAk adierazi dute kalitatea dela Osakidetzaren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan «hizkuntzari lotuta» dagoela. «Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen moduan, osasun langileen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da. Kontraesankorra, beraz, hartutako erabakiekin», ziurtatu dute.

Horrela, aste honetan bertan EHUren udako ikastaroetan hizlari izan den eta nazioartean hizkuntza eta osasungintza uztartuz erreferentea den Gwerfyl Roberts galestarraren hitzak gogorarazi dituzte: «zerbitzua pazientearen hizkuntzan ematea da kalitatearen gakoa». «Horri uko eginez, Osakidetzak nabarmen kaltetu du gure herrietako osasun zerbitzua», gaineratu dute.

Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan dela azpimarratu dute, eta handia izan daitekeela euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. «Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz trataera berezia behar dute: bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu egin behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira», azaldu dute.

Egoera honen aurrean «kezka eta ezinegona» adierazi dute udalerriek eta UEMAk, eta orain arteko erabakiak berrikusi eta lanpostu hauetan lehenbailehen mediku euskaldunak jartzeko eskatu diete Osakidetzako arduradunei.

«Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu eta, beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu Osakidetzari», adierazi dute.