Gotzon ARANBURU
IRUN

Alkoholiko Anonimoak

‘The Ecologist’ aldizkariko zuzendari Pedro Burruezok ‘Tómate algo…’ izeneko artikulua idatzi zuen duela hiru hilabete. Honako hau zioen bertan: «Gure gizartea gizarte adiktoa da. Era guztietako estupefazienteetara, legezkoak, legez kanpokoak. Zure ingurune osoak bultzatuko zaitu drogatu zaitezen, erre dezazun, edan dezazun…». Horietako menpekotasun batean eroritakoei laguntzeko sortu zen Alkoholiko Anonimoak erakundea gertutik ezaguteko aukera izan du NAIZek, bi kide gipuzkoarrekin bilduta.

Alkoholiko Anonimoen eskuorriak. (Gotzon ARANBURU)
Alkoholiko Anonimoen eskuorriak. (Gotzon ARANBURU)

Bai, min handia egin du ‘Zer hartu behar duzu?’ horrek. Alkohola gure gizartean sustraituta dago, hori begibistakoa da eta udako jaiei begiratu besterik ez dago. Kalte egiten duela ere denok dakigu. Baina kaltean mailaketa bat dago. Edateak ez dio mundu guztiari berdin eragiten. «Edale soziala» deitu izan den horrek hainbestean darama alkoholaren kontsumoa, baina zenbait pertsonaren kasuan edatea eta infernua gauza bera dira. Alkoholikoak dira. Egunero edaten dute; lanean edaten dute, autoan edaten dute, sukaldean, tabernan eta logelan edaten dute, edan gabe ezin dira bizi. Eta edanda… bada infernu bihurtzen zaie bizitza.

Juan eta Juan Karlos alkoholikoak izan dira. Delirium Tremensa, sikiatrikoa, eromena… horiek denak ezagutu dituzte bi gipuzkoar hauek. Umetan hasi ziren edaten eta 40 urte inguru horretara iritsi zirenean jabetu ziren erabat hondoratuta zeudela, zulo beltzean erorita, eta irteteko indarrik ez zeukatela. Baina gogoa bai, beharra bai. Laguntza eskatzeko adorea izan zuten eta Alkoholiko Anonimoak elkartearen atea jo zuten. Momentu horretantxe bizitza berria hasi zen bientzat, ezbairik gabe adierazi digute horixe, behin eta berriro, elkarrizketan zehar.

Galdera sail bat

Ohikoa da, anbulategi batera edo osasun zentro batera joanez gero, itxaron gelako mahaitxoan AA elkarteko eskuorriak topatzea. Bada eskuorriok izaten dira hainbat alkoholiko AA elkarterako bidean jartzen dituztenak. Oso eduki sinplea dute, ez dira gaitzari buruzko azterketa sakonak, baizik eta galdera sail bat: goizetan edatean hasi al zara, lanera edo eskolara joan aurretik? Kolpean husten al dituzu kopak? Nahiago al duzu bakarrik edan, lagunekin kalean baino? Arazoetan sartu izan zara edandakoan? «Gazteentzako mezua. Nola jakin edatea arazoa bihurtu den» izeneko eskuorriak hamabi galdera dakartza, hemen aipatutako laurak barne. Bada, horietako edozeini «bai» erantzunez gero, laguntza eskatzeko ordua iritsi da.

Juan Carlos eta Juan oso argi mintzo dira. Ez dute ezer ezkutatzen, aurpegia bakarrik, AAren filosofiaren oinarri diren «Hamabi tradizioek» anonimatoa agintzen baitute. Baina ez lotsagatik, baizik eta kolektiboa norbanakoaren gainetik dagoelako eta inor nabarmentzerik ez dutelako nahi. Batek alkohola bakarrik kontsumitu izan du, baina neurriz kanpo, hiru aldiz abstinentzia sindromera iritsi arte: «Gaur egungo nire egunik txarrena, orduko onena baino askoz hobea da» diosku.

Bestea 11 urterekin hasi zen edaten, gero porroetara pasa zen, ondoren piluletara, tripietara, heroinara… Gizakia Helburun egon zen, kartzelan ere bai, eta sikiatrikoan bost aldiz. Bere gorputzari bakarrik ez, bere bikotekideari ere gorriak pasarazi zizkion. «Desastre bat nintzen. Ez autoestimarik, ez gupidarik besteenganako, ez bizitzeko motibaziorik. Hiltzera nindoala ikusten nuen, eta azkenean onartu nuen laguntza behar nuela». Alkoholiko Anonimoetara jo zuen, munduko 180 estatutan hedatuta dagoen elkartera.

Erabakia, norberarena

Biek ala biek gauza bat dute garbi. Alegia, erakunde horretara jotzeko erabakia norberarena izan behar dela eta norberarena bakarrik. Ez familiak, ez lagunek, ez epaile edo mediku batek, ezingo du behartu urrats hori egitera, alkoholikoak errekuperatzeko programan sartzera. Izan ere, erabat biluztu beharra dago. «X naiz, alkoholikoa naiz eta laguntza behar dut uzteko», horiek dira taldearen aurrean esaten diren lehenengo hitzak. Eta zailenak. Baina momentu horretan konturatu ziren Juan eta Juan Carlos, munduan barrena beste milaka alkoholiko bezalaxe, ez zeudela bakarrik, biribilean eseritako ezezagun haiek esperientzia oso antzekoak bizi izandakoak zirela. Eta hortxe hasi zen biziberritzea. «Alkoholiko Anonimoak hori gara azken batean, alkoholiko bati edaten uzteko lagundu nahi dion beste alkoholiko bat. Inork ez gaitu hobeto ezagutzen, inork ez daki hobeto non dauzkagun zailtasunak, nondik jo behar den errekuperazioan» diote.

Nondik hasi behar den erraza da, ordea: ez edatetik. Batere ez, inoiz ez. Esaten da erraza, egiten, ez. Eta nor bere kasa saiatuz gero, oso zaila da lortzea. Baina taldeak lagundu egiten du, eta eroriz gero berriro altxatzen lagundu. AA taldeko kide gehienak gizonezkoak dira, eta 40 urtetik gorakoak. Azalpena badu honek. Generoari dagokionez, oraindik ere estigmatizazio handiagoa du mozkortzen den emakumeak gizonak baino, eta horrek zaildu egiten du inoren aurrean arazoa onartzea.

Adinari dagokionez, esperientziak erakusten du «ibilbide» bat egin beharra dagoela Alkoholiko Anonimoen atea jo aurretik. Zer ibilbide? Bada, garbi esanda, erabat hondoratzea. 15 urterekin edaten hasten denak, 20rekin eta 30ekin oraindik ere «kontrolatzen» duela pentsatu ohi du, ez duela laguntzarik behar. Eta ez du sakrifiziorik egiteko gogorik izaten, alegia, ez jaietan, ez Urte Zahar gauean, ez lagunartean, inoiz gehiago zurrutik ezingo duela egin onartzea. Geroago etorri ohi da onarpena, «porrot pertsonala erabatekoa denean. Zuloan hondoratuta egon behar zara irteten hasteko», gure solaskideen hitzetan.

Hamabi Pausu

Hamabi Pausuak dira AA erakundeak alkoholikoari eskaintzen dion gida. Arazoaren onarpenarekin batera, «norbere buruaren inbentario moral zorrotza» eskatzen du, eta kalte egindako pertsona guztien zerrenda osatzea, baita kalte hori ordaintzeko prest egotea ere. Alderdi espiritualak garrantzia handia du Hamabi Pausuetan. Honela dio seigarrenak: «Apal eskatzen diogu Jainkoari gure akatsetatik askatu gaitzan». Beste lau pausutan ere aipatzen da Jainkoa.

Lao Tse filosofo txinatarrak idatzia da «mila kilometroko ibilbidea pauso txiki batekin hasten da». Honelako zerbait egiten dute AAeko alkoholikoek. Ordubete edan gabe irautea, horixe da aurreneko helburua. Gero bi ordu, gero hiru, gero egun oso bat. Edateari utzi, erabat eta salbuespenik gabe. Bizi den bitartean alkoholiko batek ez dio alkoholiko izateari uzten bere barnean, eta etengabe egin behar dio aurre errealitate horri. Nola? Bada ez edanda. Horregatik ezin da egin salbuespenik. «Nik badakit kopa bat hartuko banu, nire urtebetetzea delako-edo salbuespen bat eginez, ez nintzatekeela horretan geratuko. Segi egingo nuke, beste asko hartuko nituzke errenkadan. Denok egin dugu gure alkoholiko bizitzan saio hori, denboralditxo bat edan gabe egotea lortu dugunean ‘hau bakarrik eta akabo, ondoren berriro abstemio’, baina inoiz ez da horrela izaten».

Alkoholiko Anonimoak esparruka antolatzen da, eta esparru bakoitza taldeek osatzen dute. Araba 18. Esparrua da, eta lau talde dauzka, denak Gasteizen. Bizkaiak 16. Esparrua osatzen du, eta 15 herritan eta hiriburuan dauzka taldeak. Gipuzkoa 3. Esparrua da, taldeak 26 herritan eta Donostian banatuta. Nafarroak 17. Esparrua osatzen du eta 14 herritan eta Iruñean ditu taldeak. Estatu espainiarreko bulego nagusia Avilesen dago.

Al-Anon

AAk ez dauka ideologia politikorik eta ez du diru-laguntzarik eskatzen, baizik eta kideen ekarpenetatik funtzionatzen du. Egia esan, oso diru gutxi behar du, gastu bakarrak eskuorriak, liburuxkak eta bileretan hartu ohi dute kafea baitira.

Alkoholiko Anonimoekin estuki lotuta dagoen erakundea Al-Anon da. Alkoholikoen senitartekoek osatzen dute, Juanek eta Juan Karlosek «biktima kolateralak» deitzen dituzten horiek. Izan ere, alkoholikoak bere ingurune gertukoena ere hondatzen du, eta depresioak eta bestelako arazoak ohikoak dira aita-amengan eta senar-emazteengan. Elkartuta eta elkarren berri izanda, horientzat ere errazagoa da bizitzari beste jite bat ematea.