NAIZ
DONOSTIA

10.000tik gora sinadura egun bakarrean, Otegi bozetan egotearen alde

10.000 baino gehiago dira jada Paul Rios, Gemma Zabaleta, Pedro Ibarra eta enparauen ekimenari jarraiki Arnaldo Otegi Gasteizko Legebiltzarrerako bozetan egotea aldarrikatuz euren sinadura eman dutenak.

Paul Rios, Gemma Zabaleta eta Pedro Ibarra dira, besteak beste, ekimenaren sustatzaileak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Paul Rios, Gemma Zabaleta eta Pedro Ibarra dira, besteak beste, ekimenaren sustatzaileak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Arnaldo Otegi, EH Bilduren lehendakarigaia, Gasteizko Legebiltzarrerako bozetan egon dadin sinadura bilketa abiatu zuten ostiralean Euskal Herriko hamaika aurpegi ezagunek. Tartean dira Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Gemma Zabaleta PSE-rekin Gasteizen sailburu izandakoa edota Pedro Ibarra UPV-EHUko Politika Zientzietako katedraduna.

Bada, egun bakarrean, 10.000 pertsonatik gora dira ekimenari euren babesa adierazi dieten herritarrak. Sinatzaileen arabera, Otegiren aurkako jazarpena «demokraziaren kalitateari eragiten dion arazo larria» da, eta honek normalizazio politikoari egindako ekarpena goraipatzen dute.

Horregatik, Otegi hautagai izatearen «zilegitasuna» aldarrikatzen dute euren bozkarekin. Honako helbide honetan sinatu daiteke Otegi bozetan egotearen alde.