NAIZ
BILBO

Jens Keukeleire flandriarra gailendu da Bilboko helmugan

Amaiera polita eskaini dute txirrindulariek Vueltako 12.etapan, zein bizkaitar hiriburuan izan duen helmuga. Eraso ugariren ostean, 30 txirrindulari inguruko talde batean Orica taldeko Jens Keukeleire izan da azkarrena. Nairo Quintanak lidertzan jarraituko du. (Sailkapenak).

Keukeleire nagusitu da Bilboko kaleetan. (Jose JORDAN / AFP)
Keukeleire nagusitu da Bilboko kaleetan. (Jose JORDAN / AFP)

Vueltak Bilbon izan du helmuga gaur. Duela bost urte egin moduan, Elorritxuetako gaina bitan igaro behar izan dute helmugatik gertu eta txirrindulariek ikuskizun ona eskainia ahal izan dute. Erasoari erasoarekin erantzunez aurkeztu dira bizkaitar hiriburuan, baina 30 txirrindulari inguruko talde batek jokatu du garaipena esprintean, eta bertan Jens Keukeleire flandriarra izan da indartsuena.

Ihesaldirako egun aproposa zen gaurkoa, eta hala zekien tropelak. Hortaz, txirrindulari askok sartu nahi izan dute eguneko ihesaldian eta asko kosta zaie lortzea. Azkenan, zazpi gizon aurreratu dira. Tartean David Lopez bizkaitarra eta Skyn taldekide duen Pete Kennaugh. Honek Movistarren lana ekarri du eta diferentziak ez da oso gora joan.

Astana taldeak ez du inor sartu ihesaldian eta lanean jarri ditu bere gizonak hau deusestatzeko. Modu honetan, Elorritxuetako bigarren igoeran sartzerako ez zegoen inor aurretik. Orduan hasi dira mugimenduak atzean, eta beste flandriar batena izan da onena. IAM taldeko Dries Devenysek tartea irekitzea lortu du eta atzetik txirrindulari askok gerturatzeko saiakera egin arren, gailurra minutu erdiko abantailarekin igarotzea lortu du.

Bazirudien eskura zuela garaipena, baina atzean ez dute amorerik eman. Beste hainabt eraso eta talde batzuen lanak, Haimar Zubeldiarenak besteak beste, zapuztu egin du flandriarraren ahalegina eta hala aurkeztu da tropeltxoa Bilboko Galtzara Nagusian. Bertan Keukeleire aise nagusitu da eta Pello Bilbao seigarren sailkatu da.

Bihar Euskal Herrian egingo du etapa oso-osorik Vueltak. Bilbotik abiatuta, Urdazubin izango dute helmuga. Beste behin, ihesaldiarentzako aukera ona dirudi, baina izango da talde txiki batean iritsi nahiko duen gizon azkarrik.